Tradizioari eusteko ospakizunak
Hainbat herri eta auzotan San Joan jaien ospakizunez betetakoa izan da asteburua, eta asteburu honetan, berriz, sanpedroetakoak izango dituzte.
Esate baterako, Lumon eguenean batuko dira San Pedro Egunez, baina asteburuan hamaika ekitaldi izango dituzte. Zapatu arratsaldean, umeentzat eta gazteentzako ur eta herri kirol jolasak edukiko dituzte 18:00etatik 19:00etara eta apar jaia 19:00etatik 20:00etara bitartean. Igel eta futbolin txapelketak 19:00etan hasiko dituzte, eta bi maila zehaztu dituzte: gaztetxoak (0-12 urte) eta nagusiak (12 urtetik gorakoak).
Mendatarrak Marmizen elkartuko dira zapatuan eta Zarrabentan domekan. Zapatuan bazkaria izango dute topagune, eta arratsaldeko mus eta briska txapelketan bertakoak zein ingurukoak ariko dira, beste urte batez. Ibarrurin Porra Txapelketak ere ez du hutsik egiten, ezta aurretik izaten den Baso Txoritxu Dantza Taldekoen saioak ere.
Bestalde, San Pedro arrantzaleen santua izanik, santuaren egunean bertan, Arrantzaleen Kofradiako Eguna ospatuko dute, Bermeon. Goizean, udalbatzak kofradiako zuzendari batzordea agurtuko du; ostean, Alde Zaharretik eta portutik irtengo da prozesioa.