"Lehen mailako taldeekin" ospatuko du Jazzber jaialdiak 25. urteurrena
Bihar [ekainak 28] hasi eta barikura bitartean, Bermeoko Kafe Antzokiak hiru kontzertu hartuko ditu, 20:30ean hasita. Edukiera bete arte, sarrera doakoa izango da.
“Erreferentea” da Busturialdean Jazzber jaialdia, izan ere, eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da. Aurten, gainera, 25. urteurrena ospatuko du, eta “lehen mailako taldeekin” ospatuko dutela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, aurtengoa “apur bat bereziagoa” egin gura izan dutela azaldu du Jizz Jazz taldeko Joseba Verdesek, gaur [ekainak 27] egin duten prentsaurrekoan.
Jazz musika eta bere zaletasuna bultzatzea helburu duen Jazzber Jaialdiak Oddara Trio, Giulio Ottanelli Quartet eta Lian Harmon Trio taldeak aukeratu ditu aurten Bermeon egoteko. Bihar [ekainak 28] hasi eta barikura bitartean ospatuko da aurtengo jazzaldia Bermeoko Kafe Antzokian. Aurten ere sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Kontzertu guztiak 20:30ean hasiko dira.
Aurtengo jaialdia “berezia” egin gura izan dutela eta, “itsosupeteko” musikariekin harremanetan jarri direla esan du Verdesek: “Artista hutsak dira Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean izango direnak”.
Biharko kontzertua nabarmendu du Verdesek. Borja Barrueta del Rio protagonista duen Oddara Trio taldea igoko da Kafe Antzokiko agertokira. Borja Barrueta del Rio (Getxo 1975) nazioarteko musikari garrantzitsuenetako bat dela aipatu du. Bere proiektu ugarien artean, Oddara Trio taldean Ariel Bringuez saxofoi-jotzaile eta Gaston Joya kontrabaxu-jotzaile kubatarrekin batera dator, “musikari ospetsuak eta nazioartean kolaborazio ugari dituztenak”. Eskainiko duten kontzertuaren berri ez dutela eman gura izan esan du Verdesek, “sorpresa” izango dela gaineratuta. Uste du “oso polita” izango dela.
Bermeoko Udaleko kultura teknikari Susana Regidorrek bermeotarrak zein inguruko herrietako bizilagunak gonbidatu ditu bertaratzera.
Etzi, Giulio Ottanelli saxofoi jotzaile, konpositore eta moldatzaile gaztearen txanda izango da; nazioarteko sari asko dituela azaldu dute. Bermeon egongo den laukotea Parisko Kontserbatorio Nazionalean sortu zen, eta musika erritmiko eta kementsua proposatzen dute, melodia finekin. Talde hau Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 46. edizioan izango dela aipatu du Jizz Jazz taldeko kideak.
Azkenik, barikuan Kafe Antzokira bertaratzen direnek, Lian Harmon hirukotearekin gozatzeko aukera izango dute. “Lianen konposizioen mundu pertsonalaren, jazz garaikidearen, standarden eta abesti herrikoien moldaketen arteko zubia arakatzen du, hizkera herrikoiari eta pertsonalari lotura emanez”, azaldu du.
Bermeoko Udaleko kultura teknikari Susana Regidorrek bermeotarrak zein inguruko herrietako bizilagunak gonbidatu ditu bertaratzera, “mereziko duelako”.
Verdesek eskerrak emateko tartea hartu du prentsaurrekoan. Hala, urte hauetan guztietan Bermeoko Udalean egon diren guztien lana eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eskertu ditu. Era berean, Bermeoko Jazzaldiaren berri ematen lagundu duten komunikabideen lana ere eskertu gura izan du.