GIZek bi ekitaldi antolatu ditu uztailari hasiera emateko
Zientzia esperimentuen tailerra eta ur kirolak antolatu dituzte. Izena eman behar da.
Uztailaren 3tik 5era izango da, hain zuzen ere, zientzia esperimentuen tailerra, eta 6 eta 12 urte bitartekoei zuzenduta dago. Tailerraren ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, eta Gizarte eta Kultura Etxean egingo dutela azaldu dute.
Ur kirolak ekimena, berriz, uztailaren 6 eta 7rako antolatu dute, eta Martillo kaian batuko dira. Egun bakarreko ekitaldiak izango direla zehaztu dute, adin tarteka banatuta, egunaren arabera. Hala, uztailaren 6an (eguena), 9 eta 11 urte bitartekoen txanda izango da, eta uztailaren 7an (barikua) 12 eta 14 urte bitartekoena. Ordutegia hurrengoa izango da: 10:30etik 13:30era. Ume bakoitzak bainu jantzia eta eskuoihala eraman beharko ditu. “Eguraldia hodeitsua edo euritsua bada, neoprenoa, kamiseta termikoa edo txubaskeroa eroatea gomendatzen da”.
Batean zein bestean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da GIZen (Gizarte eta Kultura Etxean), astelehenetik barikura bitartean, 10:00etatik 14:00etara. Jakitera eman dutenez, izen ematearen ordena jarraituko dute plazak eskaintzeko.