Gernikaldeako enpresa txiki eta ertainen berrikuntza sustatzeko abian da "Hazinnova 2023" programa
Martxan da “Hazinnova 2023" programa, Lanbide-Ekimenak erakundeak antolatuta eta Innobasque eta SPRI sustatzaileekin elkarlanean
Bost langilez edo gehiagoz osatutako plantila duten Gernikaldeako enpresek Hazinnova programaren doako aholkularitza-zerbitzu espezializatua jaso ahal izango dute.
Ekimenaren hirugarren edizioa da hau. Innobasquek, SPRI Taldeak (Eusko Jaurlaritza) eta Lanbide-Elimenak erakundeek antolatu dute eta Gernika-Lumoko Udalak erakunde autonomo gisa sustatzen du ekimena. Horrez gain, Hazinnova programaren talde-eragilearen parte da Lanbide-Ekimenak erakundea, beste hainbat erakunderekin batera, berrikuntzari laguntzeko eragileen sarea osatuz.
Aitor Kortazar enpresa teknikariak zehaztu du Hazinnova programaren helburuetako bat dela “enpresa-lehiakortasuna hobetzea, enpresa-industrialetan eta industria-sektoreari lotutako zerbitzuetan berrikuntza sustatuz, konponbideak identifikatuz eta ezarriz”.
“Hazinnova 2023 programa” erabat doakoa da, eta 50 orduko aholkularitza espezializatua eskaintzen du. Hori aurrera ateratzeko, zortzi aholkularitza-enpresa daude, gai desberdinetan adituak direnak, eta interesa duten Gernikaldeako enpresei eskainiko dizkiete zerbitzuak. Emaitzak hiru hilabeteko epean lortuko dira.
Enpresek, dituzten beharren arabera, zortzi gai hauen inguruko bi mikro-proiektu egin ahalko dituzte gehienez: ekonomiko-finantzarioa, ekoizpena, logistika, barne-administrazioa, pertsonak, bezeroak, merkatu berriak eta produktua. Aholkularitza-zerbitzu hau jaso nahi duten enpresek Lanbide-Ekimenak erakundearen bitartez egin ahal izango dute. Eskaerak egiteko epea urriaren 26an amaituko da.