Ariane Maruri nabarniztarra, Ereñoko Raidean garaile
Ereñoko XV. Zaldi Raideko 60 kilometroko proban nagusitu da Maruri. 80koan, Patricia Liendo gailendu da, eta Bizkaiko Txapelketarako baliagarria ere izan den 40koan, ostera, Gorka Llaguno.
Joan den domekan [ekainak 25], Ereñoko Zaldi Raidaren XV. ekitaldia egin zuten. Gabika auzoan hasi eta amaituta, ia 40 zaldi eta zaldizko elkartu ziren 09:00etan, hiru distantziatako ibilbideez gozatzeko. Parte hartzaileek 40, 60 eta 80 kilometroko probak egin zituzten; 40 kilometrokoa, gainera, Bizkaiko Txapelketarako baliagarria ere izan zen.
80 kilometroko raidean egon zen lehiarik estuena: Espidi klubeko Patricia Liendo nagusitu zen, 06.29.48ko denboragaz; bost segundo gehiago behar izan zituen Bizkai Pagadi taldeko Jose Maria Gomez bigarren sailkatuak. 60 eta 40 kilometroko lasterketetako parte hartzaileek 10:00etan eduki zuten irteera ordua. 60koan, etxeko zaldizko bat, Ariane Maruri nabarniztarra, gailendu zen. Adal-Kan etxeko Marurik 04.45.05eko denbora behar izan zuen lanak burutzeko. Bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, Agoi Marussiako, Ane Arostegi eta Al-Hattan de San Roqueko Eider Zugazaga helmugaratu ziren. Bigarren sailkatuak 04.57.10eko denbora egin zuen; hirugarrenak, ostera, 05.07.46koa.
40 kilometroko proban, Bizkaiko Txapelketarako ere puntuagarria zenean, Rev Lumara klubeko Gorka Llaguno nagusitu zen, 03.15.32ko denbora eginda. Bigarren postua Hartxika etxeko Markel Undabarrenak jaso zuen, 03.23.18ko denboragaz. Podiuma Ghaada GPko Nuria Arrizabalagak osatu zuen, 03.24.15ekoagaz. Gainera, lehen hiru sailkatuak bizkaitarrak izanik, sailkapen berbera hartu zuen lurraldeko txapelketak ere.
Ereñozar Endurance elkarteko antolatzaileek aurtengo raidaren XV. aldiaren irakurketa “positiboa” egin dute, eta hurrengo urtean berriro egitea iragarri.
Ereñozar Endurance talde antolatzaileko kideek adierazi dute XV. urteurreneko lasterketekin “oso asebeteta” amaitu zutela: “Egun horretan beste proba bat zegoen, baina azkenean jendea animatu zen Ereñora etortzera, eta maila handiko lasterketak izan ziren. Bestalde, eguraldia lagun eduki genuen, batez ere, zaldientzat. Izan ere, ez zuen bero gogaikarriegirik egin eta, ondorioz, ez zen istripurik egon”.
Jendearen babesa. Hainbat izan ziren lasterketez gozatzera bertaratu ziren ikusleak, antolatzaileen arabera: “Irteeretan edota helmugaratzeetan ez ezik, ibilbidean zehar lasterkariak ikusteko puntuak zeintzuk ziren bazekizkiten eta, beraz, hainbat eremutara mugitu ziren goizean zehar. Oro har, babes handia eman zitzaien bai zaldizkoei, bai zaldiei”. Raidaren irakurketa “positiboa” eginik, hurrengo urtean ere errepikatzeko asmoa iragarri dute.