Aitor Etxebarriazarragak jantzi du txapela
Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketaren finala jokatu zuten atzo Muxikan, eta Etxebarriazarragak hartu du Ane Zuazubiskarren erreleboa. Maialen Akizugaz buruz burukoa lehiatu ostean jantzi zion txapela Josu Arriolak atzo. Eurekin batera aritu ziren finalean Lurdes Ondaro, Ibai Amillategi, Oihana Arana eta Aissa Intxausti.
Aitor Etxebarriazarragak irabazi du hirugarren Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketa. Maila handiko bertso saioa eginda, berak hartu du Ane Zuazubiskarren erreleboa. Josu Arriolak jantzi zion txapela Etxebarriazarragari, Muxikako Urretxindorra eskolan jokatu zuten finalean. Jon Lopategiren lehenengo bertso harrobiko kidea izan zen Arriola, eta urteetan, eskualdeko auzoetako bertso saioen sustatzaile eta erreferentea izan da.
Maialen Akizuren aurka lehiatu zuen buruz burukoa Etxebarriazarragak, eta saioa era bikainean borobildu zuten biek ala biek. Hala, 346 puntu lortuta gailendu zen bertsolari gernikarra. Akizuk baino bi puntu eta erdi gehiago bakarrik lortu zituen; izan ere, 343,5 puntu bildu zituen Akizuk.
Argi baltzaren erreleboa “seguru” dagoela esan zuen Etxebarriazarragak bere azken bertsoan: Eskerrak gaurkoa neban sariketetan azkena, baina seguruan dago Argi Baltzan ondorena. Eskerrak gaurkoa neban sariketetan azkena, eta zuek zarie, nire hauturik onena. 18 eta 30 urte bitartekoentzako sariketa da Argi Baltza, eta adinaren “muga” horretan abestu du aurten gernikarrak: “Ilusioa neukan saiatzera etortzekoa”.
Ondo hasi zuen sariketa, ofizioetan lan ona eginez, baina gehiago sufritu zuen zortziko txikian: “Koziente nintzen jarraitu egin behar nuela, saioa luzea zela. Bakarkako puntu erantzunetan zein ganbarakoan gustura aritu nintzen, baita Maialenegaz buruz burukoan ere”. Bertsolariak onartu du egindakoagaz “oso gustura” geratu zela.
Gainera, ilusio berezia egin dio Jon Lopategiren omenezko sariketa irabazteak: “Lopategi joaten ikusi dugun belaunaldiaren parte gara gu. Lopategi bertsolaria baino gehiago, bere figura ezagutu genuen. Gainera, etxeko sariketa bat izanda, eta Jonen omenezko sariketa izanda, txapelak ilusio bikoitza egiten dit”.
Arriolak ere Lopategi omentzeko aukera aprobetxatu zuen atzo. Horrela bota zuen: Gonbidatu nabe gazte bateri txapel handi bat janztera, ta bide batez, bihotz bihotzez maisu baltza omentzera. Ta aspaldiko partez bertso bat barriro be kantatzera; Aitor ez pentsa, edozer gauza daroazunik etxera.
80 ikus-entzule baino gehiago bertaratu ziren finalera, eta Etxebarriazarragagaz eta Akizuz gain, Lurdes Ondaro munitibartarrak, Ibai Amillategi gernikarrak, Oihana Aranak eta Aissa Intxausti lekeitiarrak abestu zuten finalean. Saio “parekatua” izan zen, hori erakusten dute-eta epaileen puntuazioek. 244 puntu jaso zituen Ondarok, 239,5 Amillategik, eta puntu erdi gutxiago Aranak (239). Seigarrena izan zen Intxausti, 237 puntu eskuratuta.
Aurtengo txapelketagaz Lopategik ereindako transmisio lana elikatzen jarraitu du Lilibertsok, eta gazteei hainbat agertoki eskaini dizkiete. “Ekain osoan zehar domekaro saio itzelez gozatzeko aukera izan dugu, eta dena zuei esker”, esan dute.
Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten atzo sariketa antolatzen lagundu dieten guztiei, eta ez zituzten ahaztu gura izan kanporaketak euren herrietan hartu dituzten Ajangizko, Mendatako, Gautegiz Arteagako eta Muxikako Udalak.