Jabier Salutregi Mentxaka agurtu dute Ean
Bere aitonak euskaldunen armarria margotu zuen Eako frontoian agurtu dute gaur 'Egin' egunkariko zuzendari izandakoa. Eatarrek agur beroa eskaini diote Jabier Salutregi Mentxakari.
Jabier Salutregi Mentxaka kazetaria eta Egin egunkariko azken zuzendaria agurtu dute gaur, Ean. Agur beroa eskaini diote bere aitona Ermogenes Mentxakak euskaldunen armarria margotu zuen Eako frontoian, Euskal Herriko itsasoaren aurrean, eta herriko jai egunik handienean.
Bertan egon dira Salutregiren emaztea eta semea, familiakoak eta bere bizitzako lagunak. Egin egunkariko lankide ohiak ere presente egon dira, eta guztien artean gogoratu dute kazetaria, beragaz bizi izandako pasarteak eta bizipenak lehen lerroan jarriz.
Salutregi izan zen Egin egunkariko azken zuzendaria, Auzitegi Nazionalaren aginduz 1998an hura itxi aurretik. Preso sartu zuten, eta ia zortzi urteko zigorra bete zuen, hiru alditan; 2015ean geratu zen aske. Hain zuzen ere, kazetariaren bizitzako une ezberdinak argazkien bitartez gogoratu dituzte, horiekin bete dute-eta frontoiaren alde bat. Horietan ikus zitezkeen hainbat une esanguratsu: kartzelan zazpi urtez egon eta gero Ean egin zioten harrera, 18/98 auziko irudiak edota Egin itxi zuten egunekoak. Oholtzan, Egin egunkariko ale bat jarri dute: 1989ko azaroaren 21ekoa, Josu Muguruzaren hilketaren berri ematen zuena. Ondoan, Ardi Beltza eta Kalegorria aldizkariak jarri dituzte, eta Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarra askapena eskatzen duen kartela ere bai.Ā
Irudi bitartez oroitutakoez eta aldarrikatutakoez gain, hitza hartu dute Salutregiren lagunek. Berba libreak baino ez dira entzun Ean, “Salutregik berak egin zituelako hitzak libre”. Kazetariaren lagun Miren Arangurenen gutuna irakurri du Nagore Mujikak, eta Arangurenen eta Salutregiren arteko “erlazioaren zati txiki” bat ezagutu dute bertaratu direnek. Juanan Aranguren gogoan eduki dute, eta Egin itxi zutenean Salutregik jasandako miƱa ere presente eduki du bere lagunak: “Mina eta amorrua elkartzen direnean, sendatzeko zaila den zauria sortzen dute. Zauri horri bidegabekeria eta babesgabetasun sentsazioa gehituz gero, zauria ezin izango da inoiz itxi. Eta horrela bizi izan zinen Egin itxi zutenetik. Norbaitek parkamena noiz eskatuko zain hil zinen. Baina Ean gauden guztiok ‘eskerrik asko’ esaten dizugu”.
Pablo Gorostiagak ere hartu du hitza gaur: “Eskerrik asko esatera etorri gara, eskerrik asko Jabitxu. Agur zuzendari maitea!”. Lagunak, kideak, militanteak ziren biak, eta Eginen aurkako auziko zortzi urteko zigorra osorik pasatutakoa da Gorostiaga, Salutregiren kartzelako kidea. Elkarregaz bizi izandakoak gogoratu ditu berak ere. “Zuk zuzendu zenuen Eginen berritzea, eta horren arima izan zinen”. Garzon saiatu zela “lortu zutena apurtzen” esan du, eta Aznarren hitzak gogoratu ditu: “Aznarrek esan zuen: ‘Uste al zenuten ez ginela ausartuko Egin ixten?”. Hala ere, Mirentxin furgonetan bizitakoak gogoratu ditu Gorostiagak, eta esan du haiek uste zutena baino “dezente hobeto” daudela orain. Gaurko omenaldiagaz egindako lana aitortzen zaiolaĀ Saluri esan du bere lagunak, baita “amaitu barik dagoen proiektua babesten” dutela ere.Ā
Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkariaren eta Berriaren zuzendari ohiak Salutregigaz izandako momentuak oroitu ditu, eta Egin ixtea “injustizia bat” izan zela adierazi du: “Injustizia handi bat egin zioten Jabierri eta Egineko guztiei. Jabierrek asko sufritu zuen, sufriarazi zioten. EzĀ Jabierrek, ezĀ beragaz batera auzi aulkian jesarri zirenek ez zuten tratu hori merezi. Ez zuten merezi kanpaina hori”.Ā Gainera, salatu du Salutregi etaĀ Egin egunkariko guztiak kartzelan sartu zituen “epaiaren erdia Euskal Herrian idatzi zutela”.
Pablo Gonzalez ere ez du ahaztu Otamendik, eta haren askapena esaktu du. “Beste bat arrazoirik gabe kartzelaratuta dagoena, inongo bermerik barik. Ez da gaur egun Polonia bermeĀ leku bat. Eta bermerik ez dagoenean, nazioarteko justiziak esaten du jendea askatu egin behar dela”, azpimarratu du.Ā
Salutregik esandako berbak gogoratuz eta Izarren hautsa kantua abestuz amaitu dute agur ekitaldia. “Nos cerraron, nos detuvieron, encarcelaron y destrozaron nuestros proyectos y nuestras ilusiones. Quizas ahora nos condenen. Pero nunca nos juzgaran porque, sencillamente, ellos no son nadie para hacerlo”.