Urdaibaiko Guggenheim proiektuari Bandera Beltza esleitu diote
Ekologistak Martxan elkarteak, urtero legez, Bandera Beltzen txostena kaleratu du. Txosten horretako 48 banderetako bat Urdaibaiko Guggenheim proiektuak jaso du.
Ekologistak Martxan elkarteak, Espainiako estatuko kostaldeko 8.000 kilometro baino gehiago aztertu ostean, 2023ko Bandera Beltzen txostena kaleratu du aurten ere. Guztira 48 bandera esleitzen dituzte, bi probintzia bakoitzeko: bat kudeaketa txarrarengatik eta bestea kutsaduragatik. Bizkaiko kudeaketa txarraren bandera Urdaibaiko Guggenheim proiektuari eman diote, bigarren urtez jarraian.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2009an atera zuen Guggenheim proiektua egiteko ideia, baina ez zuten aurrera egin kostu ekonomiko, ekologiko eta epe ertain luzerako zuten aurreikuspen eskasengatik. Hala ere, aldundiak ez zuen ideia baztertu. Ekologistak Martxan elkartearen txostenean azaltzen denez, proiektuagaz aurrera egiteko behar diren 127 milioi euroetatik lehenengo 40 milioi euroak jaso ditu.
Proiektu horretan bi museo berri eraikitzea aurreikusten da, bata, Gernikako Dalia fabrika zaharrean, eta bestea, Muruetako ontzioletan. Txostenean aipatzen da bi lurrak dragatzeko lanak egitea dela asmoa eta baita Muruetako itsas lerroa erregularizatzea ere, ibilgua zabalduz eta bide berde bategaz lotuz.
Ekologistak Martxan elkartekoek egoki ikusten dute landa eremuetan turismoa erakartzeko ideia, baina txostenean adierazi dutenez, “museo bat biosferaren erreserba natural baten erdian landatzeko ideia, kulturaz eta naturaz aldi berean gozatzeko, burugabea da”. Aurrera begira proposatzen duten hobekuntza da Gernika-Bilbo trenbidea hobetzean sortu daitezkeen inpaktuak saihesten saiatzea.
Bizkaiko bigarren bandera beltza, kutsadurarena, Petronor enpresari eman diote ekologistek.