Nadia Nemeh Shomaly izango da Bermeoko alkatea
EH Bilduren eta Guzanen arteko akordioa gauzatu da. Bermeoko Udalak osoko bilkura berezia deitu du barikurako [ekainak 23]; Asier Larrauriren ukoa aurkeztuko da.
Asier Larrauriren dimisioaren ostean, eta EH Bilduren eta Guzanen arteko akordioa berretsi ondoren, Nadia Nemeh Shomaly EH Bilduren zerrendako bigarrena izango da Bermeoko alkatea. “EH Bilduk eta Guzanek akordioa sinatu dugu Bermeok behar duen aldaketari aurre egiteko eta hori lortzeko proiektu bateratuak martxan jartzeko”.
EH Bildu eta Guzan alderdiak lortutako akordioarekin pozik daudela adierazi dute : “Proiektu politiko amankomun bat martxan jartzea ahalbideratuko du, bermeotarron beharrizanei erantzuna emateko eta Bermeo feministagoa, parte hartzaileagoa, anitzagoa, justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko, hain zuzen ere. Helburu horiek guztiak lortzeko talde prestatua dugu, eta, herritarren eskutik, gogor lan egingo dugu bermeotarron interesen defentsan”.
Osoko bilkura barikuan. Joan den zapatuan [ekainak 17] Bermeoko Udalaren Udalbatza berria eratu ondoren, eta orduan alkate izendatutako Asier Larraurik ekainaren 20an idatziz alkate eta zinegotzi karguari uko egin ondoren, Bermeoko Udalak osoko bilkura berezia deitu du barikurako [ekainak 23]. Bertan, Asier Larrauriren ukoa aurkeztuko da. Izan ere, legeak jasotzen du uko egitea idatziz gauzatu beharko dela Udalbatzaren Osoko Bilkuraren aurrean, eta Udalbatzak horren berri izateko erabakia hartu beharko du hurrengo hamar egunen barruan.
Ondoren, barikuan kontatzen hasita, gehienez ere, 10 egun balioduneko epean, alkatea aukeratzeko osoko bilkura bat deituko da, eta bertan alkatea hautatuko da, honako prozedura honen arabera: Zerrendaburu diren zinegotzi guztiak izan daitezke hautagai; baten batek zinegotzien botoen gehiengo osoa lortzen badu, hautetsitzat joko da; inork gehiengo hori lortzen ez badu, udalerrian boto gehien lortu dituen zerrendako buru den zinegotzia izendatuko da alkate; berdinketa gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko litzateke.
Bestetik, barikuko osoko bilkuran uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorren zozketa egingo da.