Gautegiz Arteagako Gazte Asanbladak mendi ibilaldia antolatu du astebururako
Herri Arteko Mendi Ibilaldia izango da asteburukoa (ekainak 24 eta 25), eta gautegiz arteagarrak Munitibarrera, Aulestira, Gizaburuagara eta Lekeitiora joango dira. Azaldu dutenaren arabera, udaren etorreragaz batera, udako plan bereziak datozela eta, udari ondo etorria emateko proposamena da honakoa, eta animatzeko gonbidapena luzatu diete herriko gazteei. Ibilaldia “euskararen arnasgune” izango dela azpimarratu dute.
Zapatuan (ekainak 24) 09:30ean irtengo dira oinez Herriko Plazatik, eta 17 km-ko ibilbidea (Gautegiz Arteaga-Munitibar-Aulesti) egingo dute Aulestira heldu arte. Hainbat ohar eman dituzte; esan dutenez, motxilak eta lo zakuak kotxeetan gordeko dituzte Aulestira eroateko, hamaiketakoa Munitibarren jango dute, eta bazkaldu eta afaldu Aulestin egingo dute, baina norberak eroan beharko du jatekoa. Gaua Aulestiko erabilera anitzeko gelan pasatuko dute.
Domekan (ekainak 25), 16 km egingo dituzte Aulesti eta Lekeitio artean, eta antolatzaileek emango dute gosaria Aulestin eta hamaiketakoa, Gizaburuagan. Lekeition bazkalduko dute (norbere kontura), eta autobusean bueltatuko dira Gautegiz Arteagara. Bakoitzak gura duenean egin ahalko du bueltako bidaia.
Izen ematea. Ibilaldian parte hartzeko Artea eta Egala tabernetan izena eman behar da, eta horregaz batera, intolerantziaren bat daukatenei zehazteko eskatu diete, baita bestelako eskakizun zehatzak egiteko ere. 7 euro ordaindu behar dira.
Adin txikikoek ere joateko aukera daukate, beti ere arduradun bategaz baldin badoaz: “Adin txikikoen kargu gurasoak edo bestelako arduradunak egin beharko dira”.