Ekoetxea Urdaibaik elikadura eredu arduratsuago baten aldeko jardunaldiak antolatu ditu
Urdaibaiko Bertoko Produktuaren Jardunaldiak antolatu ditu astebururako Ekoetxea Urdaibaik. Gehienak doakoak badira ere, izena eman behar da.
Elikadura eredu arduratsuagoa zabaltzeko eta lurraldeko produktuen aberastasun, barietate eta kalitate handiaren balioa nabarmentzeko, Urdaibaiko Bertoko Produktuaren Jardunaldiak antolatzen aritu da Busturiko Ekoetxea astebururako; hala, tokiko ekoizleen eskutik “kalitate handiko eta osasunerako onura handiko” elikagaiak lortzeko egiten duten lana hurbilduko diete herritarrei.
Dozena bat esperientzia antolatu dituzte zapatu eta domekarako eta, horien bidez, kontsumitzaileek ekoizleek egiten dituzten prestakuntza prozesuak eta euren eremuetako laborantza eta abeltzaintza metodoak aurrez aurre bizi ahalko dituzte.
Sukaldaritza tailerrez gain, jardunaldietan bisitak, erakusketak eta tailerrak ere egongo dira aukeran. “Horien guztien bidez, atzean dauden produktuen eta lanaren balioa nabarmendu gura da, elikadura kontsumo globalaren ereduaren beste aldean; izan ere, eredu horren ekoizpenak eta banaketak, sarritan, jasangarritasun arazoak eragiten dituzte”.
#UrdaibaiErronka. Nazio Batuek Zero Gose bigarren GJHan aipatzen dutenez, nekazaritza produktibitatea eta elikagai-ekoizpen jasangarria areagotzea funtsezkoa da, gosearen arriskuak arintzen laguntzeko. Hori horrela, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Itun Berdeak “baserritik mahaira” lan ildoa du, elikadura-sistema arduratsurako ekimenak sustatzen dituena, bidezko garapenerako eta jasangarrirako ereduaren barruan.
Jardunaldiak kontsumitzaileak eta ekoizleak konektatuko dituen urteko programa baten parte direla azaldu dute antolatzaileek, “eta haien sasoiko produktuak zuzenean eskuratu ahal izateko aukeran jarriko du fokua”.
Asteburuko jardunaldia Ekoetxeak martxoan abiarazi #UrdaibaiErronka kolektiboaren baitan antolatu dute. Antolatu dituzten jarduera gehienak doan dira, baina lekuak mugatuak dira. Hala, horietakoren batean parte hartu gura dutenek Ekoetxearen webgunean izena eman beharko dute.