'Caissa' kanta eta bideoklipa estreinatu ditu Kruddö bikoteak
Uda ostean sei kantuz osatutako 'Nintzen' izeneko diskoa kaleratuko dute.
Uda ostean kaleratzeko asmoa daukaten bildumaren kantetako bat estreinatu du Kruddö bikoteak: Caissa. Abestiari irudiak ere jarri dizkiote, bideoklipa sortuz.
Jakitera eman dutenez, bideoklipa Joseba D. jaunak egin du, toma bakarreko bideo batean. Aurreratu dute uda osterako prestatzen dabiltzan diskoa sei kantuz osatutako lana izango dela, eta dagoeneko izena ere badaukate: Nintzen. Diskoa El Submarino Records estudioan grabatu dute, Iñigo Escauriazaren gidaritzapean. Masterizazioa egiteko arduraduna, berriz, Victor Garcia izan da, Bartzelonako Ultramarinos estudioan.
Nintzen diskoak izaera ezberdineko kantuak izango dituela diote: “Kutsu argia duten kantetatik, kutsu ilunago bat lortuz diskoak aurrera egin ahala. Erritmo astunak eta arinak neurri berdinetan topa ditzakegu lan honetan”.
Lana zabaldu bitartean, “gauzak espero bezala badoaz”, beste aurrerapenen bat erakustea “ez dute baztertzen”.
Kruddö 2021ean sortu zuten Jon Ander Santamariak eta Txaber Miravallesek.