Pandemia aurreko egoerara bueltatu dira bertso plazak
Azken urteetan bezala, 2022ko plazaren azterketa ere egin du aurten Bertsozale Elkarteak, bertsolaritzaren ekosistemari jarraipena egitea helburu.
Bertsolaritzaren mugimenduen momentuan momentuko egoera aztertzeko helburuz, 2022an egindako bertso plazen datuak bildu ditu Bertsozale Elkarteak, eta ondorioztatu du pandemia aurreko egoerara itzuli direla plazak. Urte osoko datuak bildu ditu Xenpelar Dokumentazio Zentroak gidatutako bilketak, eta lau bertso plaza mota aztertu dituzte: jaialdiak, lagun artekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak. Dena dela, beste saio mota batzuk ere kontutan hartu dituztela diote.
Guztira, 1.130 bertso saio antolatu zituzten 2019an, eta 1.069 saio izan ziren iaz. bigarren kopurua txikiagoa den arren, iazko lehen bi hilabeteetan COVID-19aren aurkako neurriak indarrean zeudela gogorarazi du Bertsozale Elkarteak. Izan ere, iazko martxotik maiatzera bitartean, “askoz ere” gehiago egin ziren saioak: 300 saio antolatu zituzten orduan, eta 248 egin zituzten 2019an. 2022ko azaroan, plaza gutxiago egin ziren, baina Bertsolaritza Txapelketa Nagusia ere hilabete horretan lehiatu zuten. “Kopuru absolutuetan, beraz, izurritearen aurreko garaien pare dago egungo plaza, baina aldaketa batzuk daude bertso saio moten banaketari dagokienez”, ondorioztatu dute elkartekoek.
Bertso libreko saioek “beherakada” izan dute, baina jaialdi kopuruak gora egin du. Bildutako datuen arabera, 272 jaialdi eta libreko 419 saio egin zituzten 2019an, eta, aldiz, 346 jaialdi eta libreko 306 saio antolatu zituzten iaz.
Jaialdien eta bat-bateko berezien ugaritzeak bertsolarien parte hartze kopuruak gora egitea ekarri du. Plazaz gain, bertsolaritzarekin zerikusia duten saio guztiak kontutan hartuta, “nabarmen” handitu da kopurua. 2019agaz alderatuz, 306 parte hartze gehiago izan ziren iaz.
Emakumeek presentzia gehiago. Kopuru orokorretan eta motaka aztertzeaz gain, bertsolarien izaera aztertzeko, hiru faktore hartu ditu kontutan Bertsozale elkarteak: sexua, adina eta lurraldetasuna.
Sexuari dagokionez, azken hamarkadan bertso plazen argazkia “irauli” egin dela diote, emakumeen parte hartzeak “nabarmen” egin duelako gora. Hamarkada batean bikoiztu egin da datua, eta %46,8 dira emakumeak. 2010ean, berriz, %20koa zen emakumezkoen parte hartzea. Edonola ere, saio motatik motara jauzi handia dagoela azpimarratu dute, nahiz eta, oro har, parekatu egin den mota guztietako saioetan.
Genrro berdineko bertsolariek elkarregaz zenbat saiotan abestu duten ere aztertu dute, eta, saio mota batzuetan, “aldea handia” dela diote. Alde nabarmenena bertso bazkari eta afarietan dago, baina esan dute “apurka-apurka” orekatzen doala dato hori ere. Gizonezkoek bakarrik parte hartzen zuten bertso bazkari eta afariak %45,5 ziren 2019an, eta %35 zire iaz; emakumezkoek bakarrik parte hartu zutenena, %5,96 ziren duela bost urte, eta %11,5 iaz; bertso janari eta afari mixtoak, berriz, %48,,59 ziren 2019an, eta %53 iaz.
25 urtez azpiko 115 bertsolarik egin dute saioren bat plazan
Lurraldetasunari dagokionez, “nahiko” antzekoak dira datuak. 2019an eta 2022an, urte bietan, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan dira gehienak: %70 gutxi gorabehera. Plazan egon diren parte hartze guztien %41 bertsolari gipuzkoarrak izan dira eta %31 bizkaitarrak.
Bertsolari gazteak plazan. Plazan dabilen bertsolari taldea adinez “nahiko orekatua” dela diote datuek, erretiroa hartuta edo hartzeko dauden bertsolariak zein 20 urte bueltakoak batera aritzen baitira plazan.
Urtero bertsolari gazte berriek ematen dute plazarako saltoa. Iaz, esaterako, 25 urtez azpiko 115 bertsolarik egin dute saioren bat plazan. Datu deigarriena bertsolari Nafarrena da. Bertsolari kopuruz ehuneko txikiena izanagatik, proportzioan beste lurraldetako gazteek baino saio gehiagotan kantatu dute.