Musika eskaintza zabalagoa dakar Haziberrik
Uztailaren 14rako jarri dute hitzordua Gernikako Europako Herrien parkean. Jon Maiaren Kantu Bat Gara proiektuak, Zea Maysek, Eirek, Mogumbo Brass Bandek eta TPRk osatzen dute aurtengo kartela.
Badator Haziberri. Ingurumena errespetatzea eta zaintzea oinarritzat duen Haziberri kultur proposamenak hirugarren urtez hartuko du Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea, uztailaren 14an; euria eginez gero, hurrengo egunera pasatuko lukete hitzordua. Lehenengo urteko “ilusio eta urduritasunagaz” jarraitzen dute antolatzaileek, ahalik eta iluntze politena sortu eta elkarbanatzeko ahaleginean. Formatu berezian eta eredu jasangarriari eutsiz, Jon Maiaren Kantu Bat Gara proiektuak, Zea Maysen kontzertu akustikoak, eta EIRE, Mogumbo Brass Band eta TRP taldeek girotuko dute iluntzea. Kontzerturako sarrerak 18:00etatik aurrera eskuratu daitezke gaur, www.haziberri.eus atarian, 25 eurotan.
Pandemia sasoian sortu zuten Haziberri. Lehenengo urteak pandemiak eragindako baldintza bereziekin antolatu zituzten –distantziak, musukoak, ordutegiak–, eta parkeak lehenengoz hartu zuen tankera horretako ikuskizun bat. Bigarren urtean, 1.000 pertsonarentzako jaialdia antolatu zuten, eta, orain, “esperientzia eta ezagutza gehiagogaz”, eta parkeari “neurria hartuta”, hasierako kultur eskaintza zabaltzea erabaki dute, eta eskaintza “osatuagoa edo zabalagoa” ematea. Hala, zuzeneko ordu gehiago, askotariko eskaintza eta aberatsagoa eskainiko dute. Izan ere, kontzertu guneko eszenatokiaz gain, atseden gunean ere –Euskal Herria Museoko atzeko lorategian–, zuzeneko musikaz gozatzeko espazioa sortuko dute.
Eszenatoki nagusian eskainiko du Jon Maiak Kantu Bat Gara proiektua. Bertsolari, kantari eta idazleak 200 kantu inguru idatzi ditu 1991z geroztik hainbat artistarentzat, tartean Ken Zazpi, Gari, Anari, Benito Lertxundi edota Negu Gorriak taldeentzat. Kantu Bat Gara musikatik harago doan ikuskizuna da, “karga emozionala” duena, eta birako azken kontzertua eskainiko du udalerrian. “Euskal Herrian hainbat areto bete ostean, bere lehenengo disko liburuaren azken kontzertua eskainiko du, eta berezia izango da”, azaldu du Oier Plaza antolatzaileak. Herriko hainbat kolaboratzaile eta pertsona batzen ditu proiektuak, eta horietako bi dira Ross Dantza Eskola edo Tamsir Endoye.
Maiak dio “ohorea” dela Haziberrin kontzertua eskaini ahal izatea. “Arriaga Antzokian hasi genuen proiektua, kontzertu berezi batean, gonbidatu berezi askorekin. Geroztik, Euskal Herrian milaka lagun izan dira Kantu Bat Gara entzutera eta ikustera bertaratu direnak, eta berriz ere, Bizkaian amaituko dugu. Oso leku berezian: Gernikako arbolatik hubil, bere errautsetatik jaiki zen herri baten sinbolo den plaza honetan”, azaldu du artistak.
Dioenez, Kantu Bat Gara ez da kontzertu “normal” bat, hori baino gehiago da. Iraupen luzeko eta gonbidatu askoko ekitaldia da, herri ikuspegia duena: “Kantu Bat Gara esaten dugu, ze, gure herrian denetarik gertatu da, gure historian denetarik izan gara; izan gara erresuma, errepublika, izan gara diktadura, egon gara hainbat erregimen, inperio, kultura handi zein hizkuntza handien menpe. Baina gure kantuak beti iraun du, ez da isildu. Hari historiko hori ez da sekula eten. Milaka urtetatik datorren gure hizkuntzaren kantuak bizirik dirau. Horregatik esaten dugu, ezer baino gehiago, zerbait baldin bagara, kantu bat garela, gure forma juridiko administratibo guztien gainetik. Eta hori sinbolizatzeko ez zait Gernika baino leku hoberik bururatzen, bere errautsetatik sortu den kantua delako herria. Hainbeste bonbak eta diktadurak isiltzea lortu ez duten kantua da gurea”.
Kantu Bat Gara proiektuaz gain, Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Piti Imaz ere igoko dira oholtzara, eta kontzertu akustikoa eskainiko dute. “Euskal rockean eragin handienetako bat eduki duen taldea da Zea Mays, 26 urteko ibilbidea duena, eta tarte horretan 11 disko argitaratu dituena. Kontzertu akustikoa eskainiko dute, berezia”, azaldu du Plazak.
Atsedenerako gunean ere, kontzertuak. Aipatu kontzertuez gain, espazio eszeniko “berri bat” sortuko dute aurten, eta gainerako artista gonbidatuak ariko dira bertan: EIRE, Mogumbo Brass Band eta TPR dj-a.
Eire Maia eta Eire Salegi zumaiarrek osatutako bikote gaztea da EIRE. “Txikitatik dira lagunak, koadrilla berekoak, eta musika izan da batu dituena. Gure ustez proposamen freskoa da, gaztea, berria eta berritzailea. Eurak izango dira Haziberrin joko duten lehenengo taldea”, jakinarazi du Plazak. Kantu Bat Gara eta Zea Mays kontzertu artean, berriz, ordu beteko tartea hartuko dute jendeak afaldu ahal izateko, eta tarte horretan joko du Mogumbo Brass Bandak. “Metalezko soinu tresnekin New Orleanseko doinuak ekarriko dituzte”, gehitu dute. Zea Maysek amaitzen duenean, berriz, TPR dj-a ariko da.
Jasangarritasuna. Aurten ere, 1.000 lagunentzako bertako produktu eta edariz osatutako eskaintza osatuko dute egunean bertan. “Guretzat garrantzitsua da inguruko baserritarrei izenak eta abizenak jartzea, eta euren produktuekin proposamen duin eta erakargarria egitea”. Bide horretan, Urremendi Landa Garapenerako agentziaren eta Baserritik Gernikara ekimenak emandako laguntza eskertu dute, eta zehaztu dute aurreko urteetako ekoizle berdinekin jarraitzen dutela lanean: Boga Garagardoa, Bizioko gazteen sagardoa, Hasiberriak Wines, Biba ardoak kooperatiba… “Lehenengo ediziotik, kulturaren balio eraldatzailea azpimarratu izan dugu. Haziberrin sortzen dugun kultur eskaintzaz gain, egiteko moduei ere arreta berezia jartzen diegu, eta beti esan dugu gu geu moldatu behar garela gure ingurunera eta ez alderantziz”, gehitu dute.
Hori dela eta, euren urteroko erronka da “ahalik eta gehien” murriztea ikuskizunean sortzen duten zaborra. “Erronka Garbian lan egiten ari gara, sortzen ditugun hondakinak eta gure karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuz”.
Lorea Bilbao kulturako jarduneko foru diputatuak “musika guztiona” dela azpimarratu du. “Europako Herrien Parketik aldarri bat egin gura dut. Izan ere, gure hizkuntzak eta kulturak behar dute toki bat Europako herrien, hizkuntzen eta kulturen artean”. Jaialdira bertaratzen direnek ez dutela musikaz bakarrik gozatuko uste du, “egiteko beste era bategaz” gozatuko dutela baizik: “Haziberrik horretan lan handia egin du, naturarekiko errespetuagaz lan eginda. Gauzak beste era batera egitea posible dela ikusteko balio du Haziberrik”.
Aurtengo ordutegiari dagokionez, 18:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 18:40ean, EIREren kontzertua hasiko da atseden gunean. 19:30ean, kontzertu guneko ateak irekiko dituzte, eta Zea Maysen kontzertua hasiko da 20:00etarako. Ordubete beranduago, atseden hartzeko lekuan afaltzeko tartea zabalduko da, eta Mogumbo Brass Band taldeak musikatuko du ingurua. 22:15ean, Kantu Bat Gara hasiko da, eta 00:30ean amaitzea aurreikusi dute. Gero, 01:30ak bitartean, TPR ariko da.