Bermeoko Mugimendu Feministak politika feministak aldarrikatu ditu
Zapatu goizaldean emakume batek jasandako eraso matxista salatu dute; Lamerako harrizko bankuan egin dute elkarretaratzea. Bermeoko Udalak bat egin du feministen deialdiagaz. Mundakako Udalak, berriz, Bilbon eta Bermeon azken egunetan izandako eraso matxistak salatzeko manifestazioa deitu du biharko: 19:00etan udaletxe plazan.
Bermeoko Mugimendu Feministak zapatu goizaldean emakume batek jasandako eraso matxista salatu du. Gogorarazi dutenez, indarkeria matxista egotzita gizon bat atxilotu zuten herrian.
Protesta egiteko elkarrataratzean batu dira gaur, Lamerako harrizko bankuan. Bertan, esan dute, “eskuina zabaltzen ari den garai honetan inoiz baino garrantzitsuagoa dela politika feministak aldarrikatzea”.
Azken hilabetean Euskal Herrian hil dituzten hiru emakumeak gogoan izan dituzte, “onartezina” dela aipatuta: “Muturreko kasuetan heriotza dakarkigu, baina ehundaka eraso mota jasaten ditugu emakumeok gure egunerokoan”. Feministek “argi” daukate, horien ustez, “arazoa estrukturala” da, “etxean, kalean, instituzioetan, baita inguru hurbilenekoan ere”.
Horregatik, berriro ere, baliabideak eskatu dituzte instituzio publikoetan, kasu honetan, Bermeoko aldierdi politikoei. “Eraldaketa soziala lortu gura baldin badugu, eremu ezberdinetatik lan egin behar dugu, bakoitzari dagokion ardura hartuz. Instituzioetatik, eta baita herritik ere! Kaleetatik!”.
Denontzako “bizitza duinak” aldarrikatu dituzte, edozein dela jatorria, sexua edota maila soziala: “Indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzen ditugu!”.
Hori guztia lortu aldera, borrokan jarraituko dutela adierazi dute.
Adierazpen instituzionala. Bermeoko udal ordezkariek zapatuan gertatutako eraso matxista “guztiz gaitzetsi” dute, eta “babes osoa” eskaini diote erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei. Kaleratu duten adierazpen instituzionalean diotenez, haren esku jartzen dute une hauetan behar ditzakeen udal baliabideak.
Udalak gogorarazi gura izan du indarkeria matxista “giza eskubideen urraketa larria ez ezik, lehen mailako arazo soziala” dela; “izan ere, berori jasaten duten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da”.
Udala “konprometituta” dago berdintasunaren alde lanean jarraitzera, “indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta emakumeek giza eskubideak oso-osorik bermatuta izan ditzaten”. Hala, herritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politikak bultzatuko dituztela azaldu dute.
Adierazpen instituzionala baliatu dute herritar guztiei eskatzeko indarkeria matxistaren aurka “buru-belarri” jarduteko, “berdintasunezko Bermeo eraiki ahal izateko”.
Mundakako Udalak, bestalde, Bilbon eta Bermeon azken egunetan izandako eraso matxistak salatzeko manifestazioa deitu du biharko: 19:00etan jarri dute hitzordua udaletxe plazan.