Sailkapenaren behekaldeko postuetan hasi du liga Busturialdeak
Sailkapen orokorrean 11.postuan dago Busturialdea 3 puntugaz.
Busturialdea Arraun Taldekoek asteburuan hasi dute liga. Donibane Lohizunen izan zen zapatuan KAE 1 ligako lehenengo estropada, eta domekan, berriz, San Pedron lehiatu zuten. Lehenengo asteburuko emaitzak kontuan izanik, sailkapen orokorrean 11.postuan dago Busturialdea 3 puntugaz.
Taldean aldaketa batzuk eduki dituzte aurten, baina eskualdeko arraunlariak “ilusio askogaz” hasi dute liga. Hala eta guztiz ere, asteburu honetan azken postuetan sailkatu dira. Zapatuan 22:06,56ko denbora eginez azken postuan sailkatu ziren bertokoak. 31. Donibane Ziburuko estropada- ETXEBAT sari nagusia San Juanentzat izan zen; 20:57,45ko denbora eginez, KAE 1 ligako lehenengo bandera astindu ahal izan zuten. Atzetik, bigarren eta hirugarren izan ziren, Lapurdi eta Sanpedrotarra, hurrenez hurren.
Asteburuko bigarren hitzordua San Pedron izan zuten atzo, 12:00etan hasita, eta etxeko taldearentzat izan zen ligako bigarren bandera; hain zuzen ere, helmugan lehenak izan ziren 20:39.96ko denbora eginez. Zumaia eta Arkote izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Atzoko hitzorduan Busturialdeak zapatukoa baino denbora hobea egin zuen, eta 21:28.73ko denbora eginez, hamaikagarrenak izan ziren. Lehenengo asteburuko bi estropaden ostean, Sanpedrotarra dago sailkapen orokorreko lehen postuan.