Inoizko martxarik jendetsuena, bi gurpilen gainean
850 txirrindulari baino gehiagok parte hartu zuten zapatuan Oiz Erronka Martxa Zikloturistaren 13. edizioan. Bingen Fernandez omendu zuten, eta "giro ederrean" elkartu zirela adierazi dute Aixerrotape Txirrindulari Elkartekoek.
850 txirrindulari baino gehiago elkartu ziren asteburuan Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista izenagaz ere ezagutzen den Oiz Erronka Martxa Zikloturistaren 13. edizioan. “Giro ederra” izan zutela nabarmendu dute Aixerrotape Txirrindulari Elkartekoak, eta martxaren “balorazio oso positiboa” egin dute. “Iritzi orokorra jaso dugu, eta jendea oso gustura egon da”.
Urtez urte hazten eta egutegian sendotzen ari den proba da Oiz Erronka, eta bizkaitarrez eta Euskal Herriko hainbat lekutatik bertaratutakoez gain, Espainiako estatuko leku ezberdinetatik ere hurbildu ziren txirrindulariak udalerrira: Kataluniakoak, Madrilekoak, Sevillakoak, Zaragozakoak… “Inoizko martxarik jendetsuena izan da. Kanpotik etorritakoei asko gustatu zitzaien gure ingurua, txundituta geratu ziren. Ibilbide gogorra izan zela esan zuten, gorabehera askoko inguruan bizi garelako, baina daukagun paisaia ikusgarria nabarmendu zuten”, azaldu dute Aixerrotapeko antolatzaileek.
Zehaztu dutenez, ibilbidean gustura ibili ziren txirrindulariak, eta pedalkadaz pedalkada “asko” gozatu zutela nabarmendu dute: “Gure asmoa beti izan da txirrindulariak bide hauetatik lasai ibiltzea eta giro politean elkartzea, eta lortu dugula uste dut”.
Aurtengo martxan parte hartu duten emakumeen kopurua ere azpimarratu dute, ia 100 emakume bertaratu zirelako. Urtez urte emakumeen kopurua gorantza doala diote, eta horretarako lan egin dutela azaldu dute: “Euren parte hartzea bultzatu gura dugu, eta horretarako pausoak ematen ari gara. Lan handia egin dugu”.
Erronkak. Zikloturistentzako martxa da Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista, baina nork bere buruagaz lehiatzeko aukera ere eskaintzen du, izan ere, bi tartetako denborak neurtu dituzte aurten: Bizkaiko Begiratokiko igoerako denborak eta Oizeko igoerakoak; 78 pertsonek parte hartu zuten lehenengoan, eta 74k, berriz, bigarrenean. “Bakoitzaren burua proban jartzeko aukerak dira horiek. Gurea martxa zikloturista da, eta gozatzea da helburua; ez dugu lehiakortasuna bultzatu gura, baina denborak hartzeko aukera hori eskaintzen dugu”, adierazi dute.
Txirrindulari profesional izandakoek ere parte hartu zuten martxan, tartean Bingen Fernandezek. Cofidis taldeko egungo kirol zuzendari bermeotarrak txirrindularitzan egindako ibilbide profesionala aitortu gura izan dute Aixerrotapekoek, baita berak Urdaibaiko bizikleta kulturari egindako ekarpena aitortu ere. Hala, aurreskua egin zioten, eta oroigarri bat jaso zuen. “Bere garaian beragaz batera txirrindulari izandako lagunak ere etorri ziren, Pedro Horrillo eta Unai Etxebarria kasu. Jai giro oso polita sortu zen”, esan dute antolatzaileek. Parte hartzaile askok txirrindulariekiko hurbiltasun hori eskertu dute.
Oiz Hiria lehenengoz. Aurten, lehenengoz, Oiz Hiria izeneko aisialdirako gune bat jarri zuten asteburuan Domingo Alegria plazan, eta plazara bertaratu zirenek, dortsalak jasotzeaz gain, txirrrindularitzarekin zerikusia duten enpresak ezagutzeko eta Urdaibaiko Esentziekin gozatzeko aukera izan zuten. “Gune hori herriaren erdian kokatzea sekulakoa izan da. Barikuan jende asko gerturatu zen Urdaibaiko Esentziez gozatzera, eta zapatuan ere, jendetza batu zen. Bertaratu ziren dendak ere pozik egon ziren, salmentak izan zituztelako”.
Antolakuntzak esker oneko berbak baino ez ditu boluntario eta laguntzaileentzat: “Dena bikain atera zen, eta hori lanean aritutako guztiei esker da. Gure laguntzaileen laguntzarik barik ez genuen martxa hau egingo, eurei esker da hau guztia”. Laguntzaileei ere eskerrak eman die euretaz oso harro gaude. salto bat eman dugu, Urremendi eta Nogverekegaz egin dugun lana sekualkoa izan da, eta jendeak nabrmendu du.