Dantzari txikiek "giro ederrez" bete dute Muxika
Dantzaz eta kolorez bete zuten atzo eguerdian (ekainak 18), Muxikako Kurtzeroko aparkalekua. 35. Busturialdeko Ume eta Gaztetxoen Egunean 300 dantzari inguruk eskaini zuten ikuskizuna. Udalerriko Baso Txoritxu dantza taldekoek udalaren laguntzagaz antolatu dute aurtengoa, eta balorazio positiboa egin dute. Dantzariek zein ikusleek “gozatu” zuten, eta “ekitaldi ederra” osatu zuten.
Bakioko Itxas Aldeko, Bermeoko Alkartasunako, Busturiko Irrintzi Alaiko, Foruko Urdaibaiko, Gernika-Lumoko Elai Alaiko, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldeko, Ibarrangeluko Loreako eta Baso Txoritxuko kideak Urretxindorra Eskolan elkartu ziren goizean, eta Gazteak Kultur Taldeko txistulariek lagunduta, 12:00ak aldera kalejiran abiatu ziren bertatik.
Tradizioari eutsiz, Agurragaz eta Dantzari dantzagaz (Agintariena, Banango, Ezpata txiki eta Txotxongilo) hasi zuten saioa. Gero, Sardinerak eta Mariana dantzatu zituzten, eta, jarraian, txikienak atera ziren plazara, Baztango esku dantza, Txulalai, Zapatain eta Marmutx dantzak eskaintzera. Horien ostean, Zahagi dantza, Bizkaiko zinta dantza eta Gorulariren txanda izan zen, eta ekitaldiaren amaieran, berriz, dantzari denak irten ziren Pitx eta Biribilketa dantzatzera.
“Giro ederra” sortu zuten, eta emanaldiaren ostean ere ume batzuk dantzatzen jarraitu zuten, helduek lagunduta. Hain zuzen ere, ume eta gaztetxoek nagusiei pasatu diete lekukoa, eta horien egun handia azaroan izango da, Muxikan.