Asier Larrauri Bermeoko alkateak dimisioa aurkeztu du
Guzan Herri Plataformatik jakinarazi dutenez, gobernu batzordea eratuko duen dekretua indarrean jarriko da bihar (ekainak 20), eta bihartik aurrera, Xabier Ortuzar Butron izango da alkateordea eta Nadia Nemeh Shomaly bigarren alkateordea.
Bizkaiko EH Bilduk atzo zabaldutako mezuan eman zuen erabakiaren berri. Azaldu duenez, domeka goizaldean Solluben istripua izan, eta legeak baimendutakoa baino alkohol-tasa altuagoa eman zuen. Kargu publikoek portaera eredugarria izan behar dutela eta hori gertatzen ez denean pauso bat albo batera eman dela uste duenez, dimisioa aurkeztea erabaki du: “Bermeoko herriaren irudia ez zikintzeko eta ordezkatzen dudan alderdiaren izen ona ez kaltetzeko pauso bat albora egitea erabaki dut, eta dimisio eskaera onartzeko eskatu diot EH Bilduko zuzendaritza politikoari”.
Zapatuan kargua hartu zuen Larraurik barkamena eskatu die bere alderdiarengan eta beregan konfiantza erakutsi duten herritarrei, “eman zioten ardurak eskatzen duen portaera eredugarria ez izateagatik”. Era berean, Bermeoko EH Bilduk “talde bikaina” daukala eta hurrengo urteetako bidea “emankorra eta zoragarria” izango dela uste duela azpimarratu du, “zorterik onena” opatzeagaz batera.
EH Bilduren Bizkaiko Mahai Politikoak atzo arratsaldean onartu zuen Larrauriren dimisioa. Ohar batean zabaldutakoaren arabera, “euskal ezker subiranista zerbaitegatik nabarmentzen bada, sinesgarritasunagatik eta herritarrekiko konpromisoagatik da, eta kargu publiko guztiek horren arabera jokatu behar dute, jokabide eredugarri eta gardenarekin”. Dimisioa onartzeagaz batera, “bere udalerriaren eta ezker subiranistaren alde egindako lanagatik eskerrak eman zizkion bermeotarrari.
Guzan Herri Plataforma Independentekoek lasaitasun “mezua zabaldu nahi” izan dute gaur eguerdian (ekainak 19). “Gobernagarritasuna ziurtatuta” dagoela adierazi dute, bihar gobernu batzordea eratuko duen dekretua indarrean jarriko delako. Bihartik aurrera, Xabier Ortuzar Butron izango da alkateordea eta Nadia Nemeh Shomaly bigarren alkateordea: “Modu horretara, udalaren funtzionamendua ziurtatuta egongo da beste inbestidura-bilkura egin arte”. Hain zuzen ere, atzo iluntzean ohar bidez jakinarazi zuten Bermeoko udal gobernuari “egonkortasuna emateko behar diren neurri guztiak” hartzeko prest dauela, eta Udal Gobernu Batzordea bihartik aurrera izendatuko dela.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Radio Euskadin egindako adierazpenean azpimarratu du proiektua dela garrantzitsuena: “Bermeon guk ez genuen karguak banatzeko ituna egin, EAJrekiko gehiengo alternatiba finkatzeko da akordioa, udalerriarentzat zenbait proiektutan oinarrituta. Eta hori ez da aldatu, eta espero dut udalerrian akordioa lortzeko behar den gaitasuna izatea, gauzak zentzuz egitea”.