2027ra bitarteko udalbatzak eratu dira
Bermeon EH Bilduk eta Guzan herri plataformak osatutako koalizio gobernua izango da datozen lau urteetan, eta Asier Larraurik hartu du aginte makila. Gernika-Lumon, berriz, EAJren aldeko botoak jasota, Guztiontzako Herria herri hautagaitzaren Jose Maria Gorroño izendatu dute alkate, baina esan duenez, hilabete eta erdiren ostean, bere anai Iñaki Gorroño izango da alkatea. Herri txikiei dagokienez, Mundakan EH Bilduk eta Herritar Alternatibak udal gobernua osatzeko akordioa lortu dute, eta Sorne Rubio da alkatea.
Busturialdeko 20 udalerrietako alkate makilak banatu dituzte gaur (ekainak 17). Goizean eta eguerdian izan dira udalak eratzeko osoko bilkurak. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak ikusita, Bermeon eta Gernika-Lumon jakin-minez zeuden herritarrak, eta gaur argitu dira azken asteotako negoziazioen emaitzak.
Gernika-Lumon Guztiontzako Herriak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak akordioa lortu dute, eta aurreko lau agintaldietan alkate izan den Jose Maria Gorroñok hartu du aginte makila. Hala ere, esan duenez, “EAJk ez du alkate izatea gura”, eta hilabete eta erdiren ostean, bere anaia, Iñaki Gorroño izango da alkatea. “Betoak” onartzen jakin behar dela esan du, eta datozen lau urteotan zinegotzi izango dela: “Bosgarren bider nago hemen, betiko ilusioagaz eta gogoagaz. PNVkoek ez naute gura. Ni lasai nago, gauzak ondo egiten ahalegindu naiz, denentzako errespetuagaz”. Anaia alkate izateko “prestatuta dagoen gizona” dela azpimarratu du: “Alkate izan naizen 16 urteetan Iñaki beti egon da nire alboan laguntzen, eta seguraski, bera alboan eduki izan ez banu, arinago utziko nukeen kargua”.
Jose Ramon Bilbao EH Bilduko alkategaiak eta Xabier Irabazal jeltzaleak zoriondu egin dute. Irabazalek zehaztu duenez, “lortu duten adostasuna positiboa izango” dela uste dute: “Korforme gaude lortutako adostasunagaz, eta uste dugu Gernikarentzako ona izango dela”. Gorroñok azaldutakoaren arabera, “proiektu batzuk aurrera ateratzeko eta herria aurrera eroateko” konpromisoa daukatelako hartu dute erabakia.
Maiatzeko hauteskundeetan 2.844 botogaz, EH Bildu izan zen bozkatuena, 2.628 boto eskuratu zituen Gorroñoren Guztiontzako Herriak eta 2.500 boto Irazabal alkategai zen EAJk. Ondorioz, seina zinegotzi dituzte EH Bilduk eta Guztiontzako Herriak eta bost dira zinegotzi jeltzaleak.
Lau urteren ostean, aldaketa etorri da Bermeora; Asier Larrauri izango da datozen lau urteetan alkate, EH Bilduk eta Guzan herri plataformak koalizio gobernua osatzeko akordioa egin baitute. Azaldu dutenez, “desberdinen arteko talde gogor” bat eratu dute, herri “kohesionatua” lortzeko asmoz: “Erronka handia daukagu aurretik”.
Bermeotarren ordezkari izatea “ohorea” dela aitortu du Larraurik, eta herritar denak ordezkatuta sentitzea espero duela: “Herritarren osasuna eta ingurumena zainduz, sozioekonomikoki indartsua izan, eta desoreka sozialak ez egoteko erantzun egokiena emateko herria gura dugu; herri integratua, borroka desberdinak babesten dituena, udal espazioak zabalik eta denentzat erabilgarri dituena, geure euskara jagon eta Bermeon egiten duena, denon iritziak entzun eta denon artean, errespetuz, gura dugun Bermeo eraikitzeko”.
Udal-politika “irekia, bulegoetatik kanpo, kalean egiten dena, hurbila eta pertsonala” egiteko konpromisoa hartu du, eta “pertsonek pertsonentzako egindako gobernatzeko moduaren” alde agertu da, “bakoitzaren sentimentuetatik sortutakoa eta denen artean alkar landutakoa”. Inor bakarrik uzten ez duen eta jendea entzuteko eta lanerako prest dagoen udal-politika behar dela esan du. Bermeok aurrera egiteko “hurreko politiketara bueltatu” behar dutela azpimarratu du, “argitasunetik eta lankidetzatik lan eginda eta herritarrei protagonismoa” emanez: “Horretara gatoz; herritarrei entzuten eta lanerako gogo handiz”.
Euzko Alderdi Jeltzalea koalizio abertzalearekiko 1.000 boto pasatxoko aldeagaz nagusitu zen udal hauteskundeetan, baina aurreko agintaldiko gehiengo osoa galdu zuen. 3.465 boto jasota, zortzi zinegotzigaz geratu da. EH Bilduk 2.393 boto lortu zituen eta bost zinegotzi, eta Guzanek, berriz, 2.064 boto eta lau zinegotzi.
Alderdi jeltzaleak agerian utzi du EH Bilduren eta Guzanen arteko gobernu itunak “ez duela errespetatzen” udal hauteskundeetan botoa eman zuten bermeotarren borondatea: “Horren helburu bakarra EAJ-PNVri alkatetzea kentzea izan da, kosta ahala kosta. Bermeotarrek hasitako bideagaz jarraitzea erabaki dute, gure proiektuetako asko martxan daude, herrian ikusi daitezke”.
Aritz Abaroak azpimarratu du EAJ-PNVk alkarrizketarako borondatea erakutsi duela azken bi asteetako negoziazio prozesu osoan: “Eskua luzatu diegu EH Bilduri eta Guzani, hainbat proposamen eginez, marra gorririk barik, gure bizilagunek eskatzen digutena beste alderdi batzuekaz zubiak egingo zituen udal gobernu jeltzalea zela ulertuta”. Azken unera arte akordioa lortzeko lan egin dutela nabarmendu du.
Mundakan ere EH Bilduren eta Herritar Alternatibaren akordioaren ondorioz, EH Bilduko Sorne Rubiok hartu du aginte makila. Bermeon modura, Irati Gondra buru duen EAJk lortu zituen boto gehien (423), eta lau zinegotzi lortu zituen, baina EH Bilduren hiru zinegotziak (367 boto) eta Herritarren Alternatibako bi zinegotziek (315 boto) bat eginda, udal agintea eskuratu dute.
“Ilusioz gainezka” agertu da EH Bilduko alkatea, Mundaka bezalako herri bat zuzentzeak dakarren “erronka eta konpromisoa” azpimarratu ditu. Bere alderdiarengan konfiantza agertu duten mundakarrei eskerrak eman dizkie, eta baita Herritar Alternatibari ere, “eurak barik ez litzatekeelako alkate izango”. Alderdi politiko guztiekin lan egiteko prest dagoela adierazi du, “ilusio eta apaltasunetik abiatuta, denena den Mundaka hobe bat lortzeko”.
Eskualdeko herri txikiagoetan ere zenbait aldaketa izan dira. Sukarrietan aurten sortu eta aurkeztu den Sukarrieta Kanala Bizirik herri hautagaitza izan zen bozkatuena (hamar botoko aldea egon zen bere eta EAJren artean), eta Jaime Orueta da alkatea. Gaurkoan goiztiarrenetakoak izan dira sukarrietarrak, 09:00etan egin baitute osoko bilkura.
Errigoitin, hamabi botoko aldea egon zen alderdi jeltzalearen eta EH Bilduren artean, eta, ondorioz, EAJk berreskuratu du alkatetza; Frank Zubiagak hartu du herria zuzentzeko ardura.
Ean eta Gautegiz Arteagan aurreko agintaldiko alderdiak mantenduko dira udal gobernuan, EH Bildu eta EAJ, hurrenenez hurren, baina aginte makila eskualdatu dute. Ean Francis Zilonizek hartu dio lekukoa Iratxe Arriolari, eta Gautegiz Arteagan, berriz, Patrik Saituak hartu du Juan Felix Naberanek utzitako lekua.
Hamahiru alkatek segituko dute. Ajangizen, Arratzun, Busturian, Elantxoben, Ereñon, Foruan, Ibarrangelun, Kortezubin, Mendatan, Morgan, Muruetan, Muxikan eta Nabarnizen ez da aldaketarik egon, eta aurreko agintaldiko alkate berberak izango dituzte: Koldo Carbonell Ajangizen (EH Bildu), Josu Sabin Olano Arratzun (EAJ), Aitor Aretxaga Busturian (EAJ), Patxi Egurrola Elantxoben (EH Bildu), Joseba Zarragoikoetxea Ereñon (EAJ), Mikel Magunazelaia Foruan (EAJ), Jesus Mari Ziluaga Ibarrangelun (Armendu), Karmele Enbeita Kortezubin (EAJ), Joseba Mallea Mendatan (EAJ), Mari Tere Artetxe Morgan (EAJ), Julen Karrion Muruetan (EAJ), Begoña Enbeita Muxikan (EH Bildu) eta Jose Antonio Maruri Nabarnizen (EH Bildu).