Suak eta urak bat egiterakoan
Eatarrak San Joan jaien esperoan daude. Hilaren 23tik 26ra bitartean ospatuko dituzte herriko jaiak eta, beste urte batez, gustu nahiz adin guztietako herritarrei egokitutako jai egitaraua prestatu dute Jai Batzordeko kideek.
San Joan jaiak suagaz lotzen diren arren, Eako herritarrentzat suak eta urak bat egiten duten ospakizunak izan ohi dira. Izan ere, herriko jaiak, lehendabiziko egunetik azkenengora, uretan hasi eta amaitzen dituzte. Aurten, hilaren 23tik 26ra bitartean ospatuko dituzte jaiak, eta denetariko ekimenak egongo dira bai eatarrentzat, bai udatiarrentzat zein kanpotik bertaratutakoentzat.
San Joan bezperan ipiniko dituzte abian herriko jaiak. Urteroko usadioari jarraituz, herritar talde bat moilan elkartuko da, txalupetara jauzia egin eta Kaiarrixa izeneko haitzera joateko. Bertan, iazko jaietan ipinitako ikurrina apurtua eta zaharkitua aldatuko dute, ikurrin berria mastara igotzeko. Horrelaxe iragartzen dituzte sanjoanetako ospakizunak eatarrek.
Uragaz lehen hartu-emana eginda, dezibel festa hasiko dute: herriko kale eta bazterrak poteo musikatuak hartuko ditu. Jarraian, beste elementu funtsezkoaren txanda izango da, suarena. Moilatik su artifizialak jaurtiko dituzte, eta hondartzan San Joan sua piztuko dute. San Joan egunean, jaietako une gorenetako bat iritsiko da: herri bazkaria. 80 lagunentzako txartelak ipini dituzte salgai, eta “hegaz” doazela aurreratu dute; txartelak erosteko azkenengo eguna ekainaren 20a da. Tiketak Bodegoian daude salgai, 15 eurotan; jai batzordetik esan dutenez, ezin da bizum bidez eta txartelagaz ordaindu. Bazkalostean, Kittu, Erreten eta Zazpizar taldeei egokituko zaie egunari soinu banda ipintzea.
Kaiarrixa izeneko haitzean ikurrin berria ipiniz hasiko dituzte herriko jaiak
Hilaren 25a, zerbait izatekotan, umeen eguna izango da. Pauso Txikia elkartekoek atonduta, etxeko txikienentzat moldatutako egitaraua izango da nagusi. Hain zuzen ere, goizez nahiz arratsaldez edukiko dituzte jolasak pilotalekuan. Beste alde batetik, Arritola plaza jaietako mus txapelketako kokagune bihurtuko da arratsaldez eta musikarena gauez, herritarrik gautxorienentzat.
Urtero legez, jai batzordekoek argitu dute Eako tabernariek “borondatea eta prestutasuna” erakutsi dutela jaiekiko: “Oraindik ez daukagu guztiz ziurtatuta zein tabernak lagundu ahalko gaituen diruz, jaietako egitaraua aurrera eroan ahal izateko; edozelan ere, tabernariek eta tabernetako behargin guztiek jarrera paregabea erakusten dute beti, jaietako nortasunaren nahitaezko osagaietako bat dira. Herritarrok, urtero-urtero, poteoa Eako taberna guztietan egiten saiatzen gara, denak partaide sentitu daitezen”.
Guztiak errekara. Ekainaren 26a jaietako egunik berezienetakoa izan ohi da, bereziena ez bada. 12:00etan herriko dantza tradizionala, ate gainekoa, egiten dute herrian zehar. Jarraian Ardoa Barrura fanfarriakoek jai giroak, azken eguna izanda ere, bizirik dirauela ziurtatuko dute. Antolatzaileek “bai ala bai” kontatzen dute fanfarria horregaz aldi bakoitzero: “Jaietan, zelan edo halan, mugagabeko kontratua dute gugaz. Beti bikain portatzen dira, eta upealako giroa sortzen dute”.
Errekara murgiltzea izango da, baina, momentu gogoangarriena: “Ez dugu Eako jairik imajinatzen errekara salto egin barik. Derrigorrezkoa da, urteko unerik ahaztezinetako bat”. Errekan barrera, hondartzarako eta itsasertzerainoko bidea eginda amaituko dituzte ospakizunak, betiko legez, Danbayan Batukadaren erritmopean. Bien bitartean, sua, ura eta, batez ere, giro herrikoia edukiko dituzte. Jaietarako atzera kontua martxan da, eta eatarrak zain daude.
SAN JOAN JAITEKO EGITARAUA
Ekainak 23:
18:30. Ikurrin igoera Kaiarrixan, eta San Joan jaien hasiera.
20:00. Poteo musikatua herriko kaleetan zehar.
22:30. Su artifizialak, moilatik.
Jarraian. San Joan sua, hondartzan.
00:00. Eztandap taldearen musika emanaldia.
01:00. DJ Ramixxen musika emanaldia.
Ekainak 24:
15:30. Herri bazkaria, Arritola plazan.
18:30. Kittu taldearen musika emanaldia, herriko kaleetan zehar.
22:30. Erreten taldearen kontzertua.
23:30. Zazpizar erromeriaren musika emanaldia, Arritola plazan.
Ekainak 25:
12:00. Umeen jolasak, herriko pilotalekuan.
13:00. Kantu poteoa, herriko kaleetan zehar.
17:00. Mus txapelketa, Arritola plazan.
17:00. Umeen jolasak, herriko pilotalekuan.
19:30. Disko Festa, Arritola plazan.
Ekainak 26:
12:00. Ate gainekoa, herriko kaleetan zehar.
13:00. Ardoa Barrura fanfarria, herriko kaleetan barrena.
17:00. Danok errekara!
20:00. Danbayan batukada, herrian zehar.