Mundakak bat egin du Bilbao Bizkaia HARRO ekimenagaz
Ekainaren 24an, 18:30ean, portuan, 'Bidearen amaiera' ikuskizunaz disfrutatu ahalko dute bertaratutakoek.

Mundaka gehitu da kultura, dibertsioa eta errebindikazioa uztartzen dituen Bilbao Bizkaia HARRO ekimenaren bederatzigarren ediziora. Askatasunaren eta aniztasunaren ortzadarra Bizkaiko lurralde osotik hedatuko da ekainaren 15etik 29ra. Jai giroko ikuskizunak eta kultura jarduerak funtsezko tresnak izango dira aniztasuna ozen aldarrikatzeko, gizartea sentsibilizatzeko eta gizarteko esparru guztietako aliantzak lantzeko.
Bilboko kaleak eta plazak LGBTI+ pertsonen eskubideen aldeko aldarrikapena plazaratzeko agertoki bihurtuko dira berriro ere. Bederatzigarren edizio hau, hala ere, hazi egin dela diote. “Aurten, iazko edizioaren ildoari jarraituz, uraren eta kresalaren lorratzari jarraituta, Plentziak eta Santurtzik hitzorduarekiko konpromisoa berretsi baitute, eta Mundaka ere aldarrikapenari batu zaio”, azaldu dute antolatzaileek.
Bilbao Bizkaia HARRO ekimena sendotuz doa Bizkaian, eta 75 jarduera baino gehiagoko agenda eskainiko du, gehienak sarrera librekoak eta doakoak. Mundakara ekainaren 24an (zapatua) iritsiko da, eta musikaz, dibertsioz eta aldarrikapenez beteko da herria. 18:30ean, portuan, Bidearen amaiera ikuskizunaz disfrutatu ahalko dute bertaratutakoek.
Bilbao Bizkaia HARRO ekimenaren lehen edizioa 2015ean egin zen, Harrotasunaren Eguna ospatzen den ekainaren 28ari lotuta. “Helburu argiz” sortu zen ekimena: “afektibitate eta sexu aniztasuna nahiz genero identitatearena eta LGBTI+ pertsonen askatasuna aldarrikatzea, kultura eta dibertsioa baliatuz”.