Busturialdeak asteburuan hasiko du liga
Donibane Lohizunen izango da KAE 1 ligako lehenengo estropada, bihar (ekainak 17), 15:45ean hasita. Biharamunean, berriz, San Pedron lehiatuko dute 2. jardunaldia, 12:00etatik aurrera. Biak ala biak sei luzetara izango dira, eta, beraz, ziabogek ere “garrantzia handia” edukiko dute.
31. Donibane Ziburuko estropada- ETXEBAT sari nagusia izango da jokoan egongo den ligako lehenengo bandera. “Donibane Lohizunekoa estropada apur bat bitxia da, itsasadarraren ondoan, paraleloki kokatuta dago, eta lehenengo eta bigarren kaleak korronteengandik oso baldintzatuta daude. Kale horiek zeresana edukiko dute. Agian, korrontea alde edukita, brankaz albokoari zortzi bat segundo atera ahal dituzkiozu, eta, gero, bueltan ez dituzu errekuperatzen edo besteak kentzen dizkizu”, azaldu dute Busturialdea Arraun Taldekoek.
Ilusioa. Iazko denboralditik aurtengora, taldean “aldaketa batzuk” eduki dituzte, eta eskualdeko arraunlariak “ilusio askogaz eta lan asko eginda” heldu dira liga hasiera honetara. Iazko udako lehenengo partea “apur bat gogorra” izan zen eurentzat: “Ekainean eta uztailean azkenengo postuan gelditu ginen estropada guztietan, eta, gero, abuztuan egoerari buelta ematea lortu genuen. Justu-justu ibili ginen maila mantentzeko. Aurten, gutxienez, hobeto ibili nahi dugu, pentsatzen dugu beste puntutxo bat daukagula, eta hobeto hasi nahi dugu”.
Denboraldian “behetik gora” joan ohi dira, apurka-apurka neurria hartzen eta hobetzen, eta uste dute, oraingoan ere horrela izango dela: “Pentsatzen dugu iaz bezala aurten ere, ligaren azken partean hasieran baino hobeagoak izango garela, hoberantza joango garela”. Hasieratik azken postuetatik aldentzea izango da euren helburua, etal iga “gogorra” izatea aurreikusten dute.
Diotenez, “euren liga” sailkapenaren erdialdetik beherakoen artekoa izango da: “Lehenengo seiren artean lehia bat egongo da, eta sailkapenaren erdialdetik behera beste bat. Gure helburua sailkapenaren atzeko postu horietan ahalik eta goren egotea da. Azken postuak zuzenean jaistea esan gura du, eta hori saihestu gura dugu; hamargarren eta hamaikagarren sailkatuek play offak jokatuko dituzte”. Helburua lortzea “gaitza” izango dela uste dute.
Negu partean eta azkenengo estropadetan ikusi dutena kontuan hartuta, euren iritziz lehenengo seiren artean San Pedro, San Juan, Arkote eta Lapurdi egongo dira ohorezko txandan: “Iaz igotako Lapurdik ere sekulako maila eman du negu partean. Zumaia eta Zarautz ere goitik ibiliko dira”. Atzeko multzoan eurekin batera Camargo, Pedreño, Castro, Deusto eta Hondarribia B egotea espero dute: “Hori izango da gure liga. Hondarribia Bk TKE Ligako taldeko arraunlari batzuk sartzen ditu lehenengo estropadetan, beraz, liga indartsu hasten du beti, puntuak hartzen, eta, gero, gutxi-gutxika bere lekura joango da udan”.