Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua martxan dago Bermeon
Turismo Bulegoaren ondoan jarri dute zerbitzua, eta bizikletak alokatzeko aukera ugari eskaintzen dituzte.
Bermeotarrek dagoeneko badaukate bizikleta elektrikoak herrian bertan alokatzeko aukera. “Mugikortasun jasangarriaren” aldeko apustua eginez, Bermeoko Udalak BBK Klima proiektuaren esparruan BBKgaz sinatutako lankidetza hitzarmenari esker jarri dute aipatu zerbitzua.
Udaletik azaldu dutenez, proiektu horren helburua da Bizkaiko herritarren “ingurumen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea eta Bizkaitik planetaren garapen jasangarrian laguntzea”. Bermeoko jarduneko alkate Aritz Abaroak esan du “mugikortasun pertsonala bultzatuko duen zerbitzurik onena” eduki gura dutela: “Bizikleta elektrikoak mugikortasun jasangarriaren alternatiba bikainak dira, karbono isuriak murrizten dituelako eta ingurune garbiagoa eta osasungarriagoa lortzen laguntzen dutelako”.
Bizikleta elektrikoen geltokia Turismo Bulegoaren ondoan jarri dute. Bere zerbitzuak erabili ahal izateko alokairu sistema telefono mugikorreko aplikazio baten bidez egin ahal izango da (www.nextbike.es/bbkklima). Tarifei dagokioenez, mota desberdinetakoak daude. Noizbehinkako alokairuaren prezioa 2,50 eurokoa izango da lehenengo ordu erdian, eta hurrengo ordu erdi bakoitzeko beste 2,50 euro. Aukera dago baita ere hileko eta urteko bonuak eskuratzeko 10 eta 70 eurotan, hurrenez hurren. Bizikletak 24 ordurako alokatzeko aukera ere badagoela aipatu dute, 25 eurotan.
“Garapen Jasangarrirako helburuekin bat datorren proiektuak planetaren garapen jasangarriari lagundu gura dio Urdaibairen bihotzetik. Bizikletaz egiten diran joan-etorriak onuragarriak dira erabiltzaileentzat zein ingurune naturalarentzat. Bermeotarrok klima aldaketari modu osasuntsu eta garbian aurre egiteko aukera daukagu”, esan du Abaroak.
Bermeo eskualdeko bigarren udalerria da zerbitzu hau martxan jartzen, BBK Kliman, Busturian, bizikletak alokatzeko lehen geltokia martxan jarri ondoren. BBK Klimarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietara ere hedatzen da, eta “hori da zaratarik eta isuririk gabeko garraioan aurrera egiteko martxan jarritako lehen ekimen bateratua, espazioaren erabilera hobetuko duena, bai zirkulazioarena bai aparkatzearena, auto-pilaketa murriztuz eta trafiko-fluxu handiagoa sortuz”.