San Antonio eguna ospatzen dabiltza gaur
Busturiko Udalak 41 kilo sardina prest zituen San Antonio hondartza ingurura bertaratutakoen artean banatzeko. Errigoitin, berriz, herri bazkarian batu dira Ikuilu Alkartean.
San Antonio eguna da gaur, eta Busturiko Udalak antolatuta, jai giroan dabiltza San Antonio hondartza inguruan. Mezaren ostean, gaurko egunean ohikoak diren sardina erreak dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Udalak 41 kilo sardina zituen banatzeko, eguerdian botatako euriaren eraginez, hala ere, aurrekoetan baino jende gutxiago ibili da gaur. Beste urte batzuetako ilararik ere ez da egon.
Jai giroan musika inoiz ez dago soberan, eta inguruak alaitzen ibili dira Busturiko txistulariak eta Etxebarria trikitilariak. 16:30ean hasiko da umeen txanda, apar festa eta gaztelua izango dira, eta Kantu kantari taldekoek girotuko dute egunaren amaiera.
Errigoitin ere, urteroko ohiturari jarraituz, San Antonio Eguneko ospakizunetan murgilduta daude. Herritarrek 12:00etan eduki dute hitzordua, Elizalden; mezaren ondoren, Ikuilu Alkartean bildu dira, jai giroan. 14:30ean, herri bazkaria egin dute bertan. Bazkalostea, gainera, ederto girotuta edukiko dute, Harakinek taldekoek musika emanaldia egingo baitute arratsaldean.