Lanbide Ekimenak Zentroak lagundutako 33 aktibitate ekonomiko berritik 18 bultzatu dituzte pertsona migratuek
Lanbide Ekimenak Zentroak 2022an lagundutako proiektuen erdia pertsona migranteek bultzatu zituzten. Generoa dela eta, pertsona migratuek bultzatutako 18 aktibitate ekonomiko horietatik 11 emakumezkoek sustatu zituzten.
Azken urteetan behera egin du Lanbide Ekimenak Zentroko ekintzailetza zerbitzura informazio eske hurbiltzen den pertsona kopuruak, baina, aldiz, sortzen lagundu diren aktibitate berrien kopuruak “nabarmen” egin du gora. 33 izan ziren iaz zentrokoek lagundu zituzten aktibitate ekonomiko berriak, eta horietatik 18 bultzatu zituzten migranteek; zehaztu dutenez, aurreko urteetan %25 ingurukoa izan zen kopurua, baina iaz %55era igo zen datu hori.
Nabarmendu dute erabiltzaileen artean “asko handitu” dela pertsona migratuen kopurua; izan ere, ekintzailetza zerbitzutik igarotako erabiltzaileen %48 pertsona migratuak izan ziren, eta sortzen lagundu ziren aktibitate ekonomikoen erdia baino gehiago eurek sortu zituzten. Generoa dela eta, pertsona migratuek bultzatutako 18 aktibitate ekonomiko horietatik 11 emakumezkoek sustatu zituzten. “Hau da, migratuek sortu zituzten aktibitate ekonomikoen %61 emakumeek bultzatuak izan ziren”, zehaztu dute arduradunek.
Sektore ekonomikoei erreparatuz gero, ostalaritzan sortu zituzten migratuek aktibitate ekonomiko gehienak, elikadura sektorea eta profesional independenteenak jarraituta: jatetxe, taberna, elikadura denda, nutrizioa edota kulturarteko aholkularitza zerbitzuak dira horren adibide.
Jaioterria kontutan izanda, gehienak errumaniarrak izan ziren, Argentinakoek, Venezuelakoek eta Dominikar Errepublikakoek jarraituta.
Datu orokorrak. 2022an 61 pertsona erregistratu ziren Lanbide Ekimenak Zentroko ekintzailetza zerbitzuan, eta lagundu ziren 33 aktibitate ekonomiko berriei tramitatu zitzaien Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eskaintzen dituen Autoenplegua Sustatzeko diru laguntzak; guztira 156.000 euro eskuratu zituzten eskualdeko ekintzaileek.
Sortutako 33 aktibitate berri horiek 40 ekintzaile batzen dituzte guztira. Horietatik 22 emakumezkoak dira, eta 18 gizonezkoak. Arduradunek zehaztu dutenez, proiektu guztien artean 450.000 eurotik gorako inbertsioak egin dituzte, eta 42 lanpostu berri sortu dituzte.
Aktibitate ekonomiko gehienak Gernika-Lumon ezarri dira, baina Busturialdeko gainerako udalerrietan ezarri direnak ere lagundu dituzte Lanbide Ekimenak zentroko arduradunek, besteak beste hurrengo udalerrietan: Bermeon, Busturian, Ereñon, Ajangizen, Nabarnizen, Mundakan eta Ispasterren.