Gorpuzti jaien azken txanparen zain
Herriko ume zein nagusiak "gustura" ibili dira Gorpuzti jaietako lehenengo asteburuan. Herri bazkarian 200 pertsona batu ziren zapatuan.
Ibarrangeluko Gorpuzti jaien lehenengo txanpagaz “oso pozik” agertu dira antolatzaileak. Ekitaldirik jendetsuena bariku gaueko kontzertuak izan direla aipatu dute. Moonshakers bilbotarren kontzertua “oso ona” izan zela diote, baina Ibarrangelun, “duda barik” gehien mugitzen duen taldea The Uski’s taldea da, eta ez zuten hutsik egin: “Ibarrangelutarrek asko maite dute talde hori”. Luhartz Erromeriaren musikagaz eguna luzatu zuten asko eta askok. Herriko plaza “bete-beteta” egon zen.
Txupina botatzeaz aurten oraindik kaletik dabiltzan 90 urtetik gorako herritarrak arduratu ziren; “eurak omentzeko modua izan da, eta pozik zeuden”.
Ohikoa izaten da Ibarrangelun Bermeoko erraldoien konpartsakoen kalejira, eta zapatuan horregaz disfrutatu zuten, herri bazkarian batu baino lehen. Aipatu dutenez, 200 pertsona batu ziren frontoian. “Oso ondo atera zen dena, eta jendea pozik egon zen”.
Lehenengo asteburuan, hortaz, adin guztietako ibarrangelutarren gozamenerako jarduerak egon dira, eta denak “gustura” ibili dira.
Aurten, gainera, jende berria sartu da Jai Batzordera, “garrantzitsua” dela azpimarratuta; “lan handia egin dute, eta txosna ere jarri dute. Txosnak jende asko mugitzen du”.
Jaiak, hala ere, oraindik ez dira amaitu. Zapatuan, herriko kuadrillak batzeko eguna izango da, eta paellak egiteko batuko dira, “euren arteko lehia garbian”. Jende asko batzen den eguna izaten da, “kanpoan bizi diren herritarrak ere bertaratzen direlako”. Zapatuan, gainera, pilota partiduak jokatuko dituzte Ibarrangelun, eskuz zein palaz. Hainbat mailatako partiduak egongo dira, umeetatik hasi, eta nagusi mailakoetara arte. Hala eta guztiz ere, aurten, bereziki emakumezko pilotariei tokia egin gura izan dietela azaldu dute. Nagusien artean, aldiz, Peña II.a eta Aranguren Artolaren eta Albisuren kontra ariko dira.
EKAINAK 17 (ZAPATUA)
- 12:00. Paella txapelketa.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:30. Pilota partiduak.
- 20:00. Mariatxi Tierra de Ororekin mexikar doinuak, tabernarik taberna.
- 22:00. Siesta Destroyer dj.