Gernika-Lumok "beharrezkoak" dituen egitekoetan akordioa lortzea proposatu die EH Bilduk beste alderdiei
EH Bilduk Gernika-Lumoko udalaren gobernagarritasunerako akordio proposamena egin die Guztiontzako Herria eta EAJri. Proposamenaren funtsa da alderdi guztiak ados dauden eta Gernika-Lumok behar dituen egitekoetan akordioa lortzea.
EH Bildu Gernika-Lumok Guztiontzako Herria eta EAJri proposatu die ados dauden eta udalerriak “behar beharrezkoak” dituen proiektuetan akordioa lortzea. “EH Bilduk, maiatzaren 28ko hauteskundeetako irabazleak, Gernika-Lumok behar dituen behar eta erronkei erantzuna emango dien gobernagarritasunerako akordioa eskatzen diogu herriari”, adierazi du koalizio abertzaleak.
Diotenez, hauteskundeetan jazotako emaitzek argi erakusten dute Gernika-Lumoren etorkizuna “elkar ulertzetik eta akordiotik” pasatzen dela, “baita paradigma berri horren gidaritza EH Bilduri eta Jose Ramon Bilbao Buliri dagokiela ere”. Hala ere, EH Bilduk dio ez duela udalaren gobernantza “modu esklusiboan” ulertzen, eta herritarrek emandako mandatuari erantzuteko helburuagaz, akordio batera gonbidapena egin die beste alderdiei.
“Akordioaren funtsa ados gauden eta Gernika-Lumok behar-beharrezkoak dituen egitekoetan egongo litzateke. Ondorioz, udalean gobernantza ziklo berri bati hasiera eman eta hurrengo edukietan ados jartzera gonbidatzen ditugu gainontzeko alderdiak”, esan du EH Bilduk, eta sei puntu azpimarratu ditu: mugikortasuna, ekonomia, ikasteko herria, nagusien bizi kalitatea, kirol instalazioak eta etxebizitza.
Mugikortasunaren arloan, herrian “eroso eta seguru” ibiltzeko, garraio publikoari bideak zabaldu eta erdiguneko trafikoa murrizteko neurriak hartzeko proposamena bultzatu die EH Bilduk alderdiei: “Aparkaleku gehiago egin, iriste erraztasunaren oztopoak ezabatu eta oinezkoentzako guneak aztertu gura ditugu”. Bestalde, tokiko merkataritzari bultzada emateko neurriak hartu nahi dituzte: “instalazio berriak eta erosketa banaketa eredu gaurkotua”.
Ikasteko herri bat ere gura dute, “garaiko beharrei egokitutako” liburutegi-mediateka bat, ikasleentzako espazioak atondu eta martxan jartzekoa. Gainera, nagusienen bizi kalitatea hobetzea ere helburutzat dute; horientzako instalazioak egokitzeko gura dituzte eta eurentzako aisialdia dinamizaziorako baliabideak eskaini ere bai.
Egun existitzen diren eta etorkizunean egin beharko diren kirol instalazioei buruzko hausnarketa ireki bat egitea ere bada EH Bilduren asmoa, auzoen arteko oreka bermatzeko eta kaleko kirola bultzatzeko. Etxebizitzari buruz, etxebizitzetarako sarbidea eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko neurriak adostu gura dituzte, udalerrian jaiotakoak udalerrian bizi ahal izateko.
“Adostasunezko ekintza lerro horietan badira hiru alderdi politikoek partekatzen ditugun lehentasunezko proiektuak“, esan dute EH Bildukoek, eta adibidetzat jarri dituzte Astrako aparkalekua, osasun zentroko aldapan eskainera mekanikoak, Merkatu plazaren eraberritzea, liburutegi berria egitea eta nagusien egoitza berritzea.
“Hori dela eta, Guztiontzako Herria eta EAJri dei egiten diegu gutxieneko sei puntu horien baitako akordioak arintzera eta partekatzen ditugun lehentasunezko proiektuak elkarregaz aurrera ateratzera”, jakinarazi dute EH Bildukoek.
Gehitu dute hori guztia bi premisa “orokor eta zeharkabekoen” baitan egin gura dutela: batetik, proiektuak gernikar guztientzat egitea eta denak kontuan hartuko dituen gobernantza eredua jarraitzea; eta, bestetik, emakume eta gizonen arteko desberdintasun guztiekin amaitzeko begirada feminista lantzea.