Elkartasunezko olatu laranjak jendez bete du Gernika-Lumo
Batera Gara elkartasun jaialdian ehunka lagun bildu ziren domekan. "Helburua bete" dutela nabarmendu dute antolatzaileek, eta jendearen erantzunagaz "oso pozik" agertu dira.
Barre egiteko, jolasteko, salto egiteko eta sendo zapaltzeko eguna izan zen domekakoa [ekainak 11] Gernika-Lumon. Batera Gara elkartasun jaialdiaren elkartasun olatuak laranjaz jantzi zituen herriko kale eta txokoak, eta ehunka herritarrek eta inguruko bizilagunek bat egin zuten elkartasun festagaz. Ametsak egi bihurtzeko beste pauso bat eman zuten, elkarri helduta beldurra kentzeko pausoa.
Aurtengo elkartasun maratoiaren helburua zen fibrosi kistikoa duten ume, gazte eta horien senideen “bizi kalitatea hobetzen laguntzea” eta euren egoera ikusaraztea, eta antolatzaileak “pozik” agertu dira jendearen erantzunagaz. “Urri aldean zazpi pertsonaren artean hasi ginen domekako eguna prestatzen. Laguntza eskatzen hasi eta askok eta askok lagundu diguzue, eta horrela egin da jaialdia. Zuek gabe, hau ez litzateke posiblea izango. Oso ondo irten da”, azaldu dute antolatzaileek. Goizean, eguraldi eskasa tarteko, aurreikusten zutena baino jende gutxiago gerturatu zen arren, eguzkiagaz batera jendea Pasealeku ingurura gerturatzen hasi zela diote antolatzaileek, eta “helburua bete” dutela nabarmendu dute. “Jendearen erantzunagaz oso pozik geratu gara”.
Une “hunkigarriagaz” hasi zen elkartasun jaialdia domekan. Izan ere, Arnasa Elkarteko kideek eman zioten hasiera ekitaldiari. Fibrosi kistikoa ikusaraztea bilatzen zuen jaialdiak, eta egitekoa bete dute. Izan ere, gaixotasun arraroa da fibrosi kistikoa, kronikoa, genetikoa eta degeneratiboa, eta gaixotasun horri buruz gehiago jakitea lortu du Batera Garak. 5.000 jaiotzatik bati eragiten dio, eta 180 kasu inguru daude Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Gaixotasunaren zantzu nagusiak arnas eta digestio aparatuetan kokatzen dira, gaixotasunak muki lodiak sortzen dituelako birikietan; ondorioz, infekzio gehiago izan ohi dituzte gaixotasuna sufritzen dutenek. Mukiak dituzten organo guztietan du eragina, eta, horregatik, digestio aparatua ere baldintzatuta dago; mukiek pankreari ez diote uzten entzina pankeatrikoak sortzen, eta, horregatik, pilulak hartu behar izaten dituzte jaterakoan, “gorputzak elikagai horiek apurtzeko, xurgatzeko eta barneratzeko”.
Hain zuzen ere, elkartasun jaitik lortzen den diru guztia %100 fibrosi kistikoa pairatzen duten haur, gazte eta familien “bizi kalitatea hobetzera” bideratuko dute, hurrengo programetara: etxez etxeko arnas fisioterapia, arreta psikosozialerako programa, elikadura programa eta gizarte langileen laguntza programa.
Helburu hori lortzeko bat eginda egin dute lan Batera Garako kideek, eta ilusioak neurrira egindako mundu bat eraiki dezakeela erakutsi dute. Gernikarrek zein inguruko bizilagunek ez zuten hutsik egin, eta beste behin, elkartasunak ez duela mugarik erakutsi zuten domekan.
Denetariko ekintzak. Beste urte batez, tonbola solidarioak erantzun “oso ona” izan zuen. Herriko merkatariek, norbanakoek, ikastetxeek, taldeek zein enpresek emandako askotariko produktuak jarri zituzte bertan, eta herritarren parte hartzea nabarmena izan zen, “dena saldu zen”. Elkartasun paella ere egin zuten, eta 600 errazio banatu zituzten.
Sustabiz Fundazioaren herri kirolen erakustaldia ere “arrakastatsua” izan zela diote antolatzaileek, jendetza erakarri zuelako, eta denetariko herri kirolak probatzeko aukera izan zutelako bertaratu zirenek. Ehunzango Jolasak taldeko kideek, eguraldiaren ondorioz, Pasealekuko arkupean egin zituzten jolasak, eta jendea bertaratu zen. Aurten, gainera, lehenengoz egin duten motozaleen topaketan 50 motozale inguru elkartu ziren, eta erantzuna ona izan zela adierazi dute Batera Garakoek: “Lehenengo aldia izan zen, eta euria egin zuela kontuan hartuta, oso ondo atera zen”.
Zinta moztu zutenean, 5 kilometroko lasterketari eman zioten hasiera. Bakoitzak bere erritmoa mantenduz, eta poztasunez eta elkartasunez beteta, Pasealekuan bukatu zuten Arrien tabernaren parean hasi zuten lasterketa. 5 kilometroko lasterketaren ostean, 500 metroko lasterketaren txanda izan zen, eta bigarren txanda horretan lehenengoan baino jende gehiago batu zela nabarmendu dute antolatzaileek.
Kontzertuak ere “oso ondo” egon zirela diote, jendea dantza egitera animatu zelako, eta jaialdia iluntzera arte luzatu zelako.
Antolakuntzaileek boluntarioei euren esker ona adierazi diete, asko lagundu zietelako, bai egunean, bai egunaren aurreko prestaketeta lanetan. Egindako “ahalegina handia” izan da, baina “egun zoragarri eta jendetsua” sortu zuten, elkartasuna sustatzekoa.