Ekintzaileei zuzendutako jardunaldia hartuko du Ekoetxea Urdaibaik
Besteak beste, marka indartzeko egin beharrekoei eta komunikazio estrategiak diseinatzeari buruzko ezagutzak jasoko dituzte parte-hartzaileek.
Hazi Fundazioak antolatutako Ostegun Ekintzaileak topaketa ekainaren 22an egingo dute, 15:00etatik 19:00etara, Ekoetxea Urdaibain.
Eider Bueno social media managerrak, negozio-aholkulari eta emakume ekintzaileen hezitzaileak marka bat bultzatzeko kanal digitalak aukeratzen irakatsiko du, eta baita dauden produktuak eta zerbitzuak balioan jartzeko eta jakinarazteko zer egin behar den eta hasiera-hasieratik aplikatu beharreko komunikazio hedakorreko estrategia diseinatzen ere.
Jardunaldian parte hartzeko interesa daukatenek, aurretik izen ematea beharrezko da www.hazi.eus atarian dagoen estekan.
“Sare sendoagoa”. Enpresak indartzera bideratutako topaketak dira Ostegun Ekintzaileak, eta horietan parte hartzen dutenek esperientziak, kezkak eta laguntza partekatzen dituzte. “Programa hau formatu berri batekin itzuli da, parte hartzen duten pertsonen trebetasunak handitzeko eta haien proiektuek hegan egiteko”.
Izan ere, aurten, ekimenak “haratago joan nahi du”, eta emaitza hobeak lortzeko sare sendoago bat ehundu dute. Harreman modu berri horri Kabia deitu diote: “Landa eta itsasertzeko ekintzaileen zein elikaduraren eta basogintzaren balio-kateko ekintzaileen artean komunitatea sortzeko espazio fisiko eta digital berria da, lankidetzaren bidez proiektuak eta pertsonak lagundu, sortu, hazi eta sendotzeko xedea duena”. Hazik bultzatutako eta ekintzailetzaren ekosistemako beste erakunde eta eragile batzuekin partekatutako gunea da.
2023ko Ostegun Ekintzaileeko lehenengo topaketa maiatzaren 25ean egin zuten Arabako Zurbano herrian. Emozio eta esperientzia komunikazioan eta aldaketarako komunitateen lidergoan aditua den Gemma Fillolek eskaini zuen saioa; proiektu bat modu kolektiboan “gorenera iristea lortzeko eta sarean hazkundea bultzatzeko” gakoak azaldu zituen.