Urdaibai: Euskadiko txapeldun, zortzigarren aldiz
Domekan [ekainak 11] Ondarroako uretan Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi ostean, titulua gehienetan lortu duen kluba da Bermeokoa.
Uretara ateratzen diren bakoitzean dena ematera ateratzen dira Urdaibaiko arraunlariak, eta ezin gelditu dabiltza. Bizkaiko Txapelketan maila handia erakutsi ostean, maila berretsi du Ondarroako uretan jokatu den Euskadiko Traineru Txapelketan, azkarrenak izanik; 19 minutu 35 segundo eta 79 ehuneneko denbora eginez lortu zuten bandera Bou Bizkaiako arraunlariek. Hala, atzo zortzigarren aldiz irabazi zuten Euskadiko Traineru Txapelketa, eta, hortaz, aipatu titulua gehienetan lortu duen kluba da Bermeokoa.
Iker Zabalaren aginduetara lan egiten duten arraunlariek ia 15 segundoko aldea atera zioten atzo Hondarribi txapeldunordeari, eta 27 segundo, berriz, Zierbenari. Donostiarra, Lekittarra, Santurtzi, Lapurdi eta San Juan sailkatu ziren jarraian, hurrenez hurren.
Emakumezkoen artean, berriz, Kaiku eta Donostiarra ziren Euskadiko txapelketa poltsikoratzeko hautagai nagusiak, eta Donostiarra gailendu zen. Lehia handia izan zen Donostiarra eta Orioren artean, baina ia 7 segundoko aldeagaz iritsi ziren lehenak Donostiarrako neskak. Ondarroako neskek ere lehiatu zuten Euskadiko Traineru Txapelketa, eta, 12:05,46ko denbora eginez, zazpigarrenak izan ziren helmugan.
Beteranoen artean egon ziren Mundakako bisonteak. Zortzi traineru aritu ziren beteranoen bandera irabazteko lehian, eta mundakarrak laugarrenak izan ziren, 11:11,64ko denbora eginez. Fortuna taldekoak izan ziren lehenengoak (10:50.34), eta Badok 13 eta Getxo izan ziren bigarrenak (10:50,41) eta hirugarrenak (11:07,30), hurrenez hurren.