San Antonio jaietako hitzorduak Abiñan eta Errigoitin
San Antonio eguna ohiko jarduerekin ospatuko dute bihar (ekainak 13) Abiñan zein Errigoitin.
Errigoitin, berriz, 12:00etan izango dute santuaren eguneko meza Elizalden, eta 14:30ean herri bazkarian batuko dira Ikuilu Alkartean. Bazkalostean musikatzeko, berriz, Harakinek taldeko musikariak gonbidatu dituzte aurten.
Abiñan txistularien kalejiragaz hasiko dituzte ospakizunak, 11:00etan, eta 12:00etan, meza nagusia izango dute Andoni Deunaren baselizan. Gero, ohorezko agurra dantzatu, eta Etxebarria trikitilariak ibiliko dira tabernaz taberna, eta tradizioari eutsiz, sardina erreak dastatzeko aukera egongo da.
16:30etik 19:30era, ostera, umeentzako apar festa eta gaztelua izango dira, eta 20:00etatik aurrera, Kantu kantari taldekoek girotuko dute pintxo potea.
Asteburua. Batbigu Jai Batzordeak, Ekimen Taldeak eta udalak elkarlanean, astebururako ere errigoitiarrentzat plan ederrak prestatu dituzte. Zapatuan (ekainak 17) umeei eta gaztetxoei zuzendutako Duatloi txikia eta tailerrak egongo dira aukeran. 17:30ean hasiko dute duatloia, eta kamiseta zuria eta bizikleta eroateko oharra zabaldu dute. Hori amaitzean, umeentzako tailerrak eskainiko dituzte.
Domekan (ekainak 18), berriz, egun osoan zehar egongo dira umeentzat puzgarriak, eta trikitilariak ere nekatu barik ariko dira euren doinuak zabaltzen. 11:00etako mezaren ostean, Mungiako Amilotx taldeko dantzariek emanaldia eskainiko dute. Dantzaldia 11:30etik aurrera izatea aurreikusi dute, eta 12:00etatik aurrera, ostera, pilota partiduak izango dira nagusi.
Bizkaia Esnea txapelketaren finaletan Lakua eta Lea taldeetako ordezkariak izango dira oraingoan. Benjamin kategorian Julen-Jon eta Ander-Jurdan bikoteak lehiatuko dira, alebinetan Fernadez de Olano-Garcia eta Beñat-Xuban bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago, eta umeen finalean, Beobidek eta Murgiak Bengoetxearen eta Goikoetxearen kontra jokatuko dute.
Baina horiek ez dira izango eguerdiko partidu bakarrak. Pilota jaialdiari hasiera emateko Ekai Iglesias eta Danel Peñak jokatuko dute, eta gazteen lagunartekoa, berriz, Bengoetxea-Urzelai eta Andrinua-Kareaga bikoteen artekoa izango da.