Bermeoko Udalak kultur eta jai ekimenak antolatzeko diru laguntzak emango ditu
Diru laguntzen bitartez, herriko kultura, nortasuna eta jaien zabalkundea sustatzea dute asmo.
Bermeoko Udalak udalerriko kultur talde, elkarte eta pertsona fisikoei urteko kultur eta jai ekimenak antolatzen laguntzeko diru laguntzen deialdia zabaldu du, beste urte batez. Guztira, 85.000 euro bideratuko dituzte mota horretako diru laguntzetara. Azaldu dutenez, “kultur taldeen ohiko funtzionamendurako eta ekintzetarako, herriko jaietako ekintzetarako eta auzoetako jaiak antolatzeko” laguntzak izango dira. Diru laguntzen bitartez, Bermeoko herriko kultura, nortasuna eta jaien zabalkundea sustatzea dute asmo.
Dirulaguntza hauen bitartez, halaber, hurrengoak lortu gura dituzte: euskal folklorea eta kultura zabaltzeko izaera publikoko ekintzen garapena eta presentzia lortzea; beste komunitate eta udalerrietan, elkartrukeak eta euskal kultur ondarea zabaltzea sustatzea; udalak antolatutako ekintzetan parte-hartzea lortzea; sorkuntza eta zabalkunde artistikoa bultzatzea; herrian eta auzoetan tradiziozko jaiak antolatzea; herritar eta auzotar guztiei bakoitzaren ohiturak ezagutaraztea; eta, herriko eta herritik kanpoko jendea erakartzen duten ekintzak antolatzea.
Diru laguntzak eskatzeko zenbait irizpide bete beharko dira: irabazi asmo bakoak izatea; egoitza Bermeon edukitzea eta bere jarduerarik garrantzitsuenak herri honetan edota herriko auzoetan jaiak edo ekitaldiak antolatzen garatzea; auzo alkatea edo auzoko jai batzordeko zuzendaritza batzordeko kideren bat izatea; edota, herrian eragina duen jaietako edota bestelako ekintzaren bat antolatzen duen herritarren bat izatea.
Kultur taldeen ohiko funtzionamendurako eta ekintzetarako laguntzetara, 35.500 euro bideratuko ditu udalak, eta aipatu dutenez, emango duten gehienezko zenbatekoa 9.000 eurokoa izango da. Diru laguntza hori eskatu gura dutenek, ekainaren 16ra (barikua) arteko epea daukate.
Herriko jaietako ekintzak antolatzen laguntzeko, berriz, 20.000 euro gorde ditu udalak, eta emango duten gehienezko zenbatekoa kasu honetan 4.500 eurokoa izango dela zehaztu dute. Aipatu diru laguntza eskatzeko epea ekainaren 30era (barikua) arte zabalik egongo da.
Azkenik, auzoetako jaiak antolatzeko laguntzetara 30.000 euro bideratuko dituzte, eta 4.000 euro emango dituzte gehienez. Diru laguntza hori eskatzeko epea auzoko jaiak hasi baino 45 egun lehenago zabalduko dute.
Informazio gehiago gura dutenek kultura sailera jo dezakete (Gizarte eta Kultura Etxea, 94-617 91 5 kultura@bermeo.eus)