875 kilo zabor bildu dituzte 146 boluntarioren artean
Urdaibai Ekoetxeak eta Izaro Subek atondutako hondakin nahiz plastiko bilketa kolektiboa "arrakastatsutzat" jo dute.
Ekoetxea Urdaibaik eta Izaro Subek elkarlanean antolatuta, hondakinen garbiketa eta bilketa egin dute gaur [ekainak 10], goiz osoan zehar, eskualdeko hainbat puntutan. Antolatzaileek herritarrei ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu zieten, eta jendeak ez du hutsik egin, 146 boluntariok parte hartu baitute. Hilaren 5ean izandako Ingurumenaren Nazioarteko Eguna tarteko, antolakuntza lantaldeak zaborra zein hondakinak bildu asmoz ezarririko bost sektoreetan jendea bildu zen. Duela lau urte gertatu zen legez, antolatzaileak herritarren parte hartzeagaz “asebeteta” agertu dira: aurten, guztira, 875 kilo hondakin bildu dituzte. Bildutakoaz gain, gaurko jarduera masiboak plastiko murrizketaren eta jasangarritasun ekologikoaren aldeko kontzientziazioa lantzeko balio izan du, azaldu dutenez.
Goizetik hasi dira herritarrak garbiketa lanekin, 10:00etan. Bost gune ezberdinetan bilduta, boluntario bakoitzak bere ekarpena egin du; lehorrean topatutako zaborraz gain, itsasoan ere bilketa egin dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan itsasontziak dituzten herritarrek. Biltzaileek jakinarazi dutenez, “denetarikoak” izan dira pilatu dituzten hondakinak. Edozelan, jasotako hondakin gehienak plastikozkoak izan direla argitu dute.
Oka ibaiaren ertzak hainbat eta hainbat garbitzaile talde hartu ditu
Hiru modutan egin dute behar egunean zehar: oinez, kayakean eta urpean. Izaro Subeko kideek Bermeoko portuan eduki dute lantokia. Goizez uretara murgildu, eta gogor aritu dira beharrean, itsas hondo garbitzen. Bien bitartean, Gaztelugatxeko Doniene inguruan ere garbiketari ekin diote. Era berean, Oka ibaiaren ertza izan da garbitzaileak hartu dituen beste eremua. Murueta eta Busturia arteko ibaiertza garbitu dute; horretarako oinez nahiz kayakean ibili dira. Arraunlariak, hain zuzen, Muruetako teila faktoria zaharretik Mundakaraino joan dira, uretan topatzen zituzten hondakinak jasoz. Familiak, lagun taldeak, bikoteak… denetarikoak bildu ditu ekologiak eta ingurugiroarekiko ardurak.
Eguerdian, 14:30ean, Urdaibai Ekoetxean bazkaritan bildu dira. Sukalki eginberria janda berreskuratu dituzte indarrak goiz osoan zehar jo eta su ibili diren parte hartzaileek. 15:30ean, aldiz, plastikoen erabilera murrizteko aholku zein estrategia erabilgarriak azaldu dizkiete bertaratutakoei. Horrez gain, bildutako mikroplastikoen analisia egin dute. Azterketa horrek, besteren artean, plazaratu du urtero-urtero 19 eta 23 zabor tona artean heltzen direla planetako erreka, itsasertz edota aintziretara.
Auzolana, kontzientziazioa, naturaz gozatzea eta aisialdia uztartu gura izan dituzte antolatzaileek
Goiz osoan zehar hondakin bilketak egin dituzten artean, Busturiko San Antonio hondartzan, Andoni Bastarrika artista gogor aritu da lanean. Bastarrikak harezko izurde eder bat egin du, Tursiops truncatus espeziekoa bailitzan. Artistak azaldu duenez, naturaren indarra islatu du harez, errautsez eta buztinez eginiko artisau lan horretan, baina baita sufrimendua ere: “Izurdea erdi harrapaturik duten sareak eta odola irudikatzen duten orbainak ipini dizkiot figurari; sareak erakustarazteko plastikozko materiala, zoritxarrez, erraz samar topatu dut, errazegi gauza onerako”.
Egitasmoaren balorazio “oso positiboa” eginda, antolatzaileek ezarritako helburu nagusi biak bete dituztela adierazi dute: “Batetik, kontzientziazioa eta auzolana sustatzea; bestetik, aisialdirako eta naturaz gozatzeko tarte hartzea”.