"Zegokien mailara" bueltatu dira
Lurraldeko Lehen mailako ligan txapeldun izan eta mailaz igotzeko play-offetan hirutik hiru norgehiagoka irabazita, Emakumezkoen 2. Ligara itzuliko da Ibaizabal Saskibaloi Taldea.
“Gure lekuan gaude». Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldeak denboraldi “bikaina” egin du. Emakumezkoen Lehen Mailako sailkapeneko liderra izan da, eta igoera faseko play-offetako hiru partiduetatik hirurak irabazita, merezitako saria lortu du: datorren denboraldian Emakumezkoen 2. Ligan lehiatzea.
Galdakaoko taldean jokatzen dute Ana eta Usua Iruskietak, Ane Arrienek eta Araia Peñak, eta lortutakoagaz “Ibaizabal merezi duen lekura” eroan dutela diote jokalari gernikarrek. Liga lehenengo postuan amaitu zutenez, play-offak jokatzeko zuzeneko txartela lortu zuten, eta igoera lortzeko prest zeuden. “Igoera fasea lehiatzeko txartela lortzea sari bat izan zen guretzat, talde osoa batzeko eta saskibaloira jolasten gozatzeko aukera bat. Denboraldia borobiltzeko momentua”, dio Arrienek.
Denboraldian izan duten ibilbideari jarraituz, “gogor” borrokatu dute; play-offetako lehenengo neurketa Alacanteko HLA Alicante taldearen aurka (63-58) irabazi zuten, bigarrena Spar Gran Canariaren kontra (77-75 ), eta hirugarrena Azulejos Moncayo Heliosen aurka (77-60).
Helburu horiek lortzeko “lan asko” egin dute, asko entrenatu behar izan dute
“Gure helburua zen hiru partiduetatik hiru irabaztea. Ez zegoen besterik”, dio Peñak. Hala ere, bigarrena irabazi zutenerako igoera lortu zuten. “Nik ez nekien aukera hori existitzen zenik, ikusi arte ez genuen sinistu”, onartu du Usua Iruskietak. Igoera ospatu zutela dio Peñak, baina neurriz, hurrengo egunean ere beste aurrez aurreko bat zutelako: ”Hirugarrena ere irabazi eta sentsazio onekin amaitu gura genuen”.
Ondorioz, “dena ematera” atera ziren. “Denak gara lehiakorrak, eta taldeak ezagutzen ez genituen arren, dena ematera atera ginen igoera fasean”, adierazi du Usua Iruskietak. Lehenengo egunean, baina, “asko sufritu” zutela dio Arrienek: “Partidu osoa galtzen joan ginen, eta azken minutuan eman genion buelta markagailuari”. Bigarren partidua “benetan gogorra” izan zela onartu dute. Fisikoki “nekatuta” zeuden, baina indarrak atera eta partidua irabaztea lortu zuten. “Zelan? Ez dakigu. Partiduan aurretik joan ginen momentuoro, baina eurek euren joko eta kalitateagaz partidua edozein momentutan iraul zezaketen”, aitortu du Arrienek. “Guk saskiratze bat lortzeko dena eman behar genuen, baina eurek ez zuten horrenbesteko esfortzurik egin behar”, dio Ana Iruskietak. Bigarren partidu hori lortzea “sekulakoa” izan zela onartu du Peñak.
Eta presio guztia alde batera utzita, hirugarren partidua “gustura” jokatu zuten, eta eurei laguntzera joan ziren Santutxuko jokalari gazteek ere lehiatzeko aukera eduki zuten. “Ondo errematatu dugu denboraldia. Lana ondo eginda eta gustura amaitu dugu lehiaketa”.
Egia da, baina, helburu horiek lortzeko “lan asko” egin dutela, asko entrenatu behar izan dutela. Ligan onenak izan dira, baina “asko sufritu» dute lehen postu hori lortzeko. ”Azken partidura arte ez genuen lehen postua eskuratu. Beste guztia opari bat izan da, esperientzia bat”.
Denboraldiaren balorazioa. 2. Ligara igotzea lortu dute, baina hori ez zela denboraldi hasierako “erronka” onartu dute. “Igoera ez zen klubak edo entrenatzaileek jarritako helburu bat. Ez. Baina uste dut gugan bazegoela klubarekiko zor hori. Iaz mailaz jaitsi ginen, eta oso gogorra izan zen”, azaldu du Arrienek. Jokalariek diotenez, entrenatzaileek saskibaloiaz “gozatzeko” helburua jarri zieten eta apurka lortzeko helburuak zehaztu zizkieten: lehenengoa, Euskal Kopa. Kopa etxean antolatzea lortu zuten, baina ez garaikurra etxean geratzea. Gero, liga irabazteko erronka ezarri zuten. Apurka-apurka joan dira, “gozatzen”: “Guk saskibaloira ez dugu jolasten profesionalak garelako, gozatzeko egiten dugu. Iazkoa eta gero, aurten ondo pasatu dugu”.
Saskibaloi taldea kuadrilla bihurtu dute eta, elkarlanean, helburuak errazago lortzen direla diote: “Elkar ondo ezagutzeak eragina izan du kantxan eta kantxatik kanpo. Oso ondo moldatu gara. Partiduetatik, entrenamenduetatik eta aldageletatik kanpo lagunak gara. Eta hori zentzu guztietan nabaritzen da”. Entrenatzaileekin duten “konfiantza” ere azpimarratu dute.
Entrenatzaileek jokalariengan izan duten konfiantza azpimarratu dute
Helburu pertsonalak. Bi urteko geldialdia eta gero, lehiara bueltatu da Peña, eta Ibaizabalen “oso gustura” egon dela onartu du. “Bi urte jokatu barik egon eta gero, ez nekien zelan bueltatuko nintzen. Belaunak ere arduratzen ninduen. Eta oso gustora egon naiz. Taldekideei eskerrak eman gura dizkiet niri aukera hau eskaintzearren». Peña Ibaizabalen aurretik jokatutakoa da, eta iaz taldea mailaz jaisten ikustea “gogorra” izan zela dio: “Ikusi nuen laguntza behar zutela, eta ni laguntzeko prest egon nintzen. Urte hau eurek oparitu didate”.
Ana Iruskieta ez zen hasieratik taldean egon, ikasketak tarteko, eta “laguntzeko” bueltatu zen. “Nire asmoa ahalik eta gehien laguntzea izan da. Entrenamendu guztietara ezin nintzen joan, eta ikusten nuen ez nintzela aurreko urteko jokalari bera. Baina, laguntzea zen helburua, eta hori lortu izana espero dut”.
Entrenatzaileek eta taldekideek eman dioten konfiantza azpimarratu gura izan du Usua Iruskietak. “Talde honengatik dena emango genuke denok. Aurtengo denboraldia aurrerapauso etengabea izan da”.
Arrienek urte asko daramatza Ibaizabalen, 2. mailaz gozatzen. Mailaz jaistea “oso gogorra” izan zela dio, “ez bakarrik mailaz jaisteagatik”, taldea egoera horretan ikusteagatik baizik. “Aurtengo denboraldiak saskibaloiaz berriro gozatzea eragin dit. Berriro 2. Ligan dena emateko eta borrokatzeko gogoz gaude. Hutsetik hasi eta dena ematera gatoz. Ezin dugu urte txar batek gure gaitasunean ez sinisten utzi. Ezin dugu sinetsi 2. Ligan lehiatzeko gai ez garenik. Urte askotan egon gara, eta gai gara”. Hori erakustea izango da helburua.
Aurrera begira. Denboralditik “indartuta” atera dira. Jakin dute une gogorretan borrokatzen eta momentu politez gozatzen. Orain, aurrera begira daude, eta lanak edo ikasketek uzten dieten bitartean, taldean jarraituko dute.
Aurtengo denboraldiari jarraipena ematea da asmoa
“Laguntzeko bueltatu nintzen, baina ondo pasatu dut, eta beste urte batez jarraitzea erabaki dut”, jakinarazi du Peñak. Arrienek ere aurtengo denboraldiari jarraipena eman gura dio, “gozatzen” jarraitzeko. “Saskibaloia momentu gozo batean utzi behar da, eta Ibaizabal zegokion mailan”. Usua Iruskietak ere, “taldea mantenduz gero”, taldean jarraituko duela dio, eta ikasketek edo lanak utziz gero, Ana Iruskietak ere bai. “Lagunekin gozatzeko jokatzen dugu guk. Ez gara profesionalak, lanera goaz, eta guretzako hau hobbie bat da. Gainera, datorren urtean denboraldian bidaiak luzeagoak izango dira”.
Nahi Monge entrenatzaileak dio “taldeak ondo funtzionatzen” duela, eta eurek gura izanez gero, taldean jarraituko dutela. “Oraingoz erdi-profesionalak dira, baina espero dezagun egunen batean profesionalak izatea. Espero dezagun euren lana baliagarria izatea, etorkizunean jendeak saskibaloiaz gehiago gozatzeko”.