Memoriaren munduan murgiltzearren "poz-pozik" daude Pipergorrikoak
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) zarratu zeneko 83. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak egin ditu Pipergorri Kultur Alkarteak, eta "pozik" daude ekitaldien garapenagaz.
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) zarratu zeneko 83. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak egin ditu Pipergorri Kultur Alkarteak, eta ekainaren 3ko 269 in memoriam omanaldiaren bidez amaiera eman dieten memoria eta historia ekitaldien garapenagaz “poz pozik” daude elkarteko kideak. Diotenez, memoriaren munduan bere zentzurik zabalenean “murgildu” dira.
Lehenengo, Joseba Egigurenegaz Urduñako Kontzentrazio Esparruaren “benetako egoera” eta horrek errepresio frankistaren alorrean dakartzan inplikazioak ezagutu zituzten: “Badira Gernika eta Urduñaren arteko lotura puntuak, esaterako, preso gaixoen joan-etorriak eta herri bietan esparru sistema frankistaren barruko halako guneei buruz egon den memoria eza”. Horrez gain, memoria arloan Urduñako Udalak garatu dituen ekimenak ere ezagutu zituzten.
Donde el trigo crece mas alto dokumentala ere proiektatu zuten Lizeoan, eta, ostean, Paco Etxeberriagaz egindako berbaldia “interes handiko” ekitaldia izan zela azpimarratu dute. “Pacok bere esperientzia luzean landutako gai desberdinak azaldu zituen: desobiratzeen metodologia zientifikoa, prospekzioa, DNA, ahozko iturriak…”, gehitu dute antolatzaileek. Eta, azpimarratu zuten, gainera, lan horiek guztiek duten giza dimentsioa: familien zeregina, memoria elkarteak, herritarren laguntza eta legedia bera.
269 in memoriam omenaldia ekitaldi “hunkigarria” izan zela diote, presoen familiek parte hartu zutelako eta lau familien testigantzak entzun ahal izan zituztelako bertaratu zirenek. “Memoria ekitaldia izan zen batez ere, familientzako hur-hurrekoa eta bertaratutakoentzako sentikorra”, esan dute.
Gerra presoen Ospitale Militarrari (1938-1940) buruzko proiektua zabalik dago, eta datu berriak jaso dituztela jakinarazi dute Pipergorrikoek: presoen jatorria –Urduña, Irun–, dokumentazioa –sumarioak, argazkiak, familia gutunak…–, eta, batez ere, Ospitale Militar horretan geratutakoa hobeto ezagutzen lagundu dieten familien testigantza. “Horrek guzti horrek proiektuari giza dimentsio handiagoa eman diolako”.