Urdaibaiko padurak bertatik bertara aztertzeko bisita gidatuak egingo dituzte datozen bi asteburuetan
Itzak, Urdaibaiko kultura paisaia liburua aurkeztu zuten aurreko astean, eta azterlanagaz lotuta bisita gidatuak antolatu dituzte hilabete honetarako.
Kortezubin eta Busturian egingo dituzte lehenengoak zapatuan (ekainak 10). 12:00etan hasiko dute Kortezubikoa, udaletxe aurrean. Arratsaldean, berriz, Busturian ipini dute hitzordua. 16:30ean, Ekoetxea aurrean elkartuko dira.
Ekainaren 24an, Muruetan eta Foruan izango dira bisita gidatuak, ordutegie berean. Eguerdikoa Muruetan hasiko dute, eta arrtsaldekoa Foruan.
Aranzadi Zientziak Elkarteak eta Busturiko, Muruetako, Foruko, Kortezubi eta Gautegiz Arteagako udalek elkarlanean kaleratu dute argitalpena, eta udalerriotako udaletxeetan eskuratu daiteke, 8 eurotan.
“Gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanen emaitza gisa, historian gertatutako aldaketak kontuan hartuta”, Urdaibaiko paisaia aztertu dute. Lanak bi atal nagusi dauzka; batetik, Urdaibaiko paisaiaren bilakaera orokorra trazatu dute, eta, bestetik, herri horietan padurek egun daukaten egoera aztertu dute.