Gautegiz Arteagako abesbatzak kontzertua eskainiko du
Gautegiz Arteagako Santa Maria Elizan izango da kontzertua zapatuan (ekainak 10), 19:30etik aurrera.
Olatz Telletxea zuzendari bermeotarraren gidaritzapean eskainiko dute emanaldia (bi urte daramatza zuzendari moduan). Eta errepertorio zabala prestatu dute. Honako abesti hauekin osatuko dute kontzertua: Suo gân (ezezaguna), Aitormena (Hertzainak), Una lagrima (Rey Rivero), Negua joan da ta (Zea Mays), Itsasoa gara (Ken 7), Mamma mia (Abba) eta Bella ciao (abesti herrikoia).
Horiek eskaintzeko Joane Zabala (pianoa), Irati Zabala (perkusioa) eta Xabier Alberdi (biolontxeloa) musikariak izango dituzte lagun abesbatzako kideek. Irati Zabalak Negua Joan da ta, Mamma mia eta Bella Ciao abestietan joko du, Joane Zabalak Suo Gan, Negua Joan da ta, Itsasoa Gara, Mamma mia eta Bella Ciao kantetan eta Alberdik Aitormena abestian.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako jarduneko alkateak abesbatzako kideen lana eta profesionaltasuna nabarmendu ditu: “Gautegiz Arteagako koralak herritar gehienak musika mota honen maitale bihurtzea lortu du. Urtero eta denboraldi bakoitzean eskaintzen dituen kontzertuak klasiko bat dira, eta, emanaldi bakoitza bakarra eta desberdina delako lortu dute hori, ikusmin handia sortzen baitute. Itzelezko lana egiten dute, urte osoan entseguak egiten dituzte, eta, horrela, profesionaltasun maila handia lortu dute”.