Marea laranjak elkartasunez beteko du Gernika-Lumo
Batera Gara elkartasun jaiak beteko ditu udalerriko kaleak domekan [ekainak 11], 10:00etatik aurrera, eta denetariko ekintzak prestatu dituzte fibrosi kistikoa duten ume, gazte eta horien senideen "bizi kalitatea hobetzen laguntzeko".
Batera Gara elkartasun jaialdiak olatu laranja ekarriko du Gernika-Lumora domekan [ekainak 11]. Horretarako, 10:00etatik arratsaldera arteko ekintzaz betetako eguna prestatu dute antolatzaileek, eta, oraingoan, fibrosi kistikoa duten ume, gazte eta horien senideen “bizi kalitatea hobetzen laguntzea” eta euren egoera ikusaraztea dute helburu.
Aurreko urteetako formatua mantendu dute oraingoan ere, berritasun batzuekin. Izan ere, aurten lehenengoz egingo dute motozaleen topaketa. 10:30ean Merkuriotik aterako dira, eta Urdaibaiko txoko ezberdinak bisitatuko dituzte ibilbidean, Arratzuko tabernan geldialdia eginez. “Arratzuko herriko tabernakoek hamaiketakoa prestatuko dute, eta lortzen den dirua ekimenera bideratuko dutela jakinarazi digute”, zehaztu dute antolatzaileek.
Herritarren ekarpenei esker, denetariko produktuz bete dute elkartasunezko tonbola
Gainera, Sustabiz fundazioaren eskutik herri kirolen erakustaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute udalerrira bertaratzen direnek; 12:00etatik aurrera bilduko dira Pasealekuan. “Irabazi asmorik gabeko erakundea da Sustabiz, herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzea helburu dituena, eta kirol horiez gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei”. Ehunzango Jolasak taldeak, berriz, haurrentzako hainbat jarduera eskainiko ditu egunean bertan.
Aurretik, baina, elkartasun lasterketak egingo dituzte. 5 kilometrokoa izango da nagusientzako lasterketa, eta 500 metrokoa umeena; 11:00etan aterako dira proba luzekoak, eta 11:45ean laburrekoak. Denek ala denek Pasealekuan amaituko dute lasterketa.
Umeentzako jaia denez, jolasez beteko da Pasealekua, eta elkartasun tonbolan parte hartzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Denetariko produktuz beteko dute tonbola, eta herriko eragileei euren esker ona adierazi diete antolatzaileek: “Oso eskertuta gaude herritarrek, enpresek, merkatariek, kirol taldeek, elkarteek zein tabernek beste urte batez egindako ekarpenekin. Asko laguntzen digute”.
Umeentzako jaia denez, puzgarriak jarriko dituzte Pasealekuan, eta musika ere ez da faltako. EinGo taldeak Euskal herrian sustraitutako kantutegia eskainiz girotuko ditu kaleak, eta Garilak 26, Joseina Etxebarria eta Zazpizar ariko dira Pasealekuan.
Boluntarioak. Boluntarioak dira ekimenaren antolatzaileak, eta herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete. Norbaitek eguna antolatzen lagundu gura badu, gainera, boluntarioentzako deialdia ere egin dute: “Sare sozialen bidez jarri gurekin harremanetan. Libre dituzuen orduak zehaztu eta antolatuko gara”.
Aurreko urteetan legez, aurten ere herri eta herritarren inplikazioa “handia” izatea espero dute: “Aurrekoetako inplikazioa lortuz gero, oso pozik egongo gara. Mezua herrian eta herritik kanpo zabalduko dugulako. Ikusi dugu aurreko urteetan erantzun ona izan duela jaialdiak, eta aurten gauza bera espero dugu”.
Egitaraua.
- 10:00. Jaialdiaren hasiera.
- 10:30. Motoen ibilaldia Urdabain, Merkuriotik irtenda.
- 10:45. Ohorezko aurreskua eta zintaren mozketa Arnaasa Elkartearen eskutik.
- Ostean. Txosnaren irekiera eta EinGo taldea kalerik kale.
- 11:00. Nagusien lasterketaren hasiera (5km). Irteera arkutik, eta helmuga Pasealekuan.
- 11:45. Umeen lasterketaren hasiera (500metro) irteerako arkutik.
- 12:00. Haurrentzako jolasak. Ehunzangoren eskutik jolasak eta herri kirolak Sustabiz Fundazioaren eskutik.
- 12:05. Tonbolaren irekiera.
- 13:00. Kontzertuak Pasealekuan: Garilak 26, Joseina Etxebarria Dj eta Zazpizar erromeria.
Umeen gaixotasunei ikusgarritasuna eta laguntza ematea da Batera Gara elkartearen xedea, eta, horretarako, bizpahiru urterik behin antolatzen dute jaialdia. Aurten, fibrosi kistikoa pairatzen duten umeei laguntzera bideratuko dute jaialdian batuko duten dirua. Gaixotasun arraroa da fibrosi kistikoa, kronikoa, genetikoa eta degeneratiboa. 5.000 jaiotzatik bati eragiten dio, eta Arnasa Euskadiko kide Amara Bañuelosek jakinarazi du Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 180 kasu inguru daudela. Gaixotasun arraroen artean “arruntena” dela fibrosi kistikoa dio.
Gaixotasunaren zantzu nagusiak arnas eta digestio aparatuetan kokatzen dira. Fibrosi kistikoak muki lodiak sortzen ditu biriketan, eta, ondorioz, infekzio gehiago izan ohi dituzte gaixotasuna sufritzen dutenek. “Horrek birikiak okertzea eta euren arnasa hartzeko gaitasuna gutxitzea dakar”. Mukiak dituzten organo guztietan du eragina gaixotasunak, eta, ondorioz, digestio aparatua ere “baldintzatuta” dago. Pankreari dagokionez, muki horiek ez dute uzten gorputzak sortzen dituen entzima pankeatrikoak sortzen. Ondorioz, jaterakoan, pilulak hartu behar izaten dituzte, gorputzak elikagai horiek apurtzeko, xurgatzeko eta barneratzek.
Gaixotasun hori pairatzen duten umeak “guztiz baldintzatuta” daude, euren egunerokotasunean “ondo bizitzeko” hainbat zeregin egin behar izaten dituztelako. Hain zuzen ere, elkartasun jaitik lortzen den diru guztia, %100 fibrosi kistikoa pairatzen duten haur, gazte eta familien “bizi kalitatea” hobetzera bideratuko da, hurrengo programetarako: etxez etxeko arnas fisioterapia, arreta psikosozialerako programa, elikadura programa, eta gizarte langileen laguntza programa.