Xixiliko Asla eta Arrazua, Euskadiko txapeldun
Bermeoko klubeko Naia Arrazuak eta Garazi Aslak uztailean Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu dute asteburuan Leioan jokatutako Euskadiko Txapelketan.
73,250 puntugaz irabazi dute senior kategoriako urrezko domina Bermeoko klubekoek: 25,450 puntu lortu dituzte uztaien proban, 24 puntu xingolarenean eta 23,800 puntu mazoenean. 73,100 puntugaz Sakoneta 2 geratu da txapeldunorde, eta Ipurua Srentzat izan da brontzezko domina (26,650 puntu).
Euskadiko Txapelketa domekan [ekainak 4] lehiatu zuten Leioako Sakoneta kiroldegian, eta Xixili klubeko arduradunek esan bezala, “maila altua” egon zen, eta lan bikaina egin zuten klubaren ordezkariek: “Maila altua egon zen, eta oso ondo aritu ziren. Momentu honetan biak maila oso onean daude”.
Hain zuzen ere, txapelketan erakutsitako mailaren erakusgarri da probetan kirolarien artean egon zen alde estua. Naia Arrazua zintagaz aritu zen, eta lehenengo postua lortu zuen (24 puntu). Ipurua S taldeko Haizeder Arguiz sailkatu zen bigarren (23,450 puntu), eta Sakoneta 2 taldeko Saioa Salinero hirugarren (23,250 puntu). Garazi Aslak, ostera, bi proba egin zituen. Mazoenean bera izan zen onena, 23,800 puntu eskuratuta; Iraide Garcia (Sakoneta 3) bigarrenak 23,650 puntu bildu zituen eta Iratxe Garate (Sakoneta 2) hirugarrenak 23,400 puntu. Uztaietan, ostera, Aslak hirugarren postua lortu zuen (25,450 puntu). Arguiz izan zen puntu gehien batu zituena: 26,650 puntu. Bigarren postuan Salinero geratu zen, 26,450 puntugaz.
Uztailean, Galizian. Asteburuko lorpenagaz, Arrazuak eta Aslak Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortu dute. Klubeko arduradunek azaldu dutenez, Espainiako Txapelketara lau talde sailkatu dira, eta uztailaren 6tik 9ra Ourensen (Galizia, Espainia) lehiatuko dute. Bermeotarrek sailkapenaren goikaldean sartzea dute helburu: “Ea podiuma lortzen duten edo lehenengo hamarren artean sartzea posible den”.