Tutti kontzertua aurten Lameran egingo dute, 19:00etan. Musika eskolako hainbat taldek parte hartuko dute, eta errepertorio zabala prestatu dute.
Ikasturte amaiera iristear da, eta ikasitakoa erakusteko unea iritsi zaie Bermeoko Musika Eskolako ikasleei ere. Hala, beste urte batzuetan egin modura, ekaina musikaz beteko dute, kontzertu ugari antolatu baitituzte.
Bihar [ekainak 6] bertan Tutti kontzertua eskainiko dute. Aurten, kontzertua Irakaskintzako karpan barik, Lameran egingo dute, 19:00etan hasita. Musika eskolako zuzendari Estibalitz Arrizabalagaren esanetan, musika eskolako ikasleen lana “herri erdian” ezagutzera eman gura dute.
Biharko ekitaldian
hainbat taldek parte hartuko dute: soka taldea, haize taldea, txistu txiki, kongo gazte eta nagusi, flauta taldea, koro txikia, harrerako kantariak, alboka, Arrekatxutxa eta Kankinkabara. Eta horiek guztiek
errepertorio zabala eskainiko dutela aipatu du Arrizabalagak: Bermeoko lau herri kanta, Imagine Dragonsen
Demons, Mikel Urdangarinen
Badira hiru aste, Mocedadesen
Eres tu, ETSren
Zurekin Batera… Amaieran, berriz, bertaratutakoi kantu bat kantatzeko gonbitea egingo diete.
Bermeoko Musika Eskolako musikarien kontzertua joan den eguenean. Argazkia: Bermeoko Udala.
“Taldeak dira musika eskolako ardatzak; musika taldean egitea da musika eskolaren helburu nagusia. Guzti horren erakusgarri da hurrengo egunetan antolatu ditugun kontzertuak”.
Arrantzaleen Museoan eskaintzen dituzten Doinmuseuak kontzertuak ere ekainean izango dira. Ekainaren 13an (martitzena), musika eskolako taldeen txanda izango da, 19:30ean. Ekainaren 14an (eguaztena), berriz, musika eskolako instrumentu jotzaileek hartuko dute museoa, 19:30ean ere.
Herriko zaharren egoitzetako egoiliarrak ere “musika zuzenean entzuteko desiatzen” egoten direla esan du Arrizabalagak, “entzule finak” direla nabarmenduta. Horregatik, bertara ere hurreratuko dira; ekainaren 14, 15 eta 20an Sancti Spiritus eta Egoitz Alai zaharren egoitzetan ariko dira.