Gernika FSk ezin izan du helburua lortu
Tolosako Laskorain taldeak lortu du 2.B mailara igotzea.
Gernika FSk 3 eta 4 galdu zuen Laskorainen kontra zapatu arratsaldean [ekainak 3] Santanapen, eta, beraz, Tolosako taldea 2.B mailan ariko da hurrengo denboraldian. Etxekoak ia aurretik mantendu ziren partidu osoan, baina azken momentuan igoerak ihes egin zien. Esku-eskura eduki zuten mailaz igotzea; izan ere, berdinketagaz eurentzat izango zatekeen 2.B mailan jokatzeko txartela. Baina partidu amaieran laugarren gola sartu zuten tolosarrek.
Orokorrean, partidu parekatua eta gol aukera askorik gabekoa izan zen, eta etxeko taldeak hartu zuen aurrea markagailuan. “Lehenengo zatiaren hasierako bost minutuetan eurak hobeto egon ziren, partidua kontrolpean eduki zuten. Minutuek aurrera egin ahala, gu hobeto aritu ginen”. Gernikarrek lehenengo zatian egindako lau jaurtiketetatik hirutan gola sartzea lortu zuten.
3 eta 1eko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira. “Nahiz eta partidu oso ona ez izan, emaitza on bategaz joan ginen atsedenaldira, eta halako talde on baten kontra hori ez da erraza. Lehenengo zatiko azkenengo bi minutuetan Laskoraingo atezaina jokalari lanetan ibili zen, baina ez zuten gol aukerarik sortu. Bigarren zatia ere orekatuta egon zen. Hasi eta berehala pare bat aukera eduki genituen, baina Laskoraingo atezaina ondo ibili zen, eta gelditzea lortu zuen”.
Bigarren zatiaren azkenengo hamar bat minutuetan atezaina berriro ere jokatzen hastea erabakigarria izan zen markagailua iraultzeko. “Hor egin ziguten min, hiru gol sartu zituzten”. Azkenengo minutuan sartu zuten garaipenaren gola. Etxekoak aurkarien estrategia beragaz ahalegindu ziren berdinketa lortzen, baina ez zuten gol aukerarik sortu: “Berdinketak balio zigun, eta behintzat, markagailua berdindu behar genuen”.
Denboraldiko azkenengo partidua izan den horretan ere, zaleek ez diete hutsik egin. Harmaila bete-beteta egon zen, eta goikaldean ere asko izan ziren partidua zutunik ikusi zutenak. Hainbeste jende ikusteak “sekulako indarra” eman zien jokalariei, eta “izugarria” izan zela azpimarratu dute: “Santanape hain beteta ez dugu inoiz ikusi. Giro oso polita egon zen, eta inoiz ahaztuko ez dugun partidua izango da”.
“Izugarrizko denboraldia egin dugu. Gero eta babes gehiago daukagula asko igarri dugu, eta horrek sekulako indarra ematen digu”
Igoera lortzeko helburuak ihes egin badie ere, denboraldi hasieran ezarritako helburuak gainditu dituzte, eta egindako lana eta lortutakoa ospatzeko tartea hartu zuten zapatuan: “Finala galdu badugu ere, liga hasieran amaiera honetara heltzea sinatuko genukeen. Kopan ere finalaurrekoetara heldu gara”. Hain zuzen ere, Hirugarren mailan Bizkaiko talde onena izan da: “Eta hori ez da erraza. Oso pozik gaude denok. Izugarrizko denboraldia egin dugu, eta hori da garrantzitsuena. Momentu txarrak ere eduki ditugu, jendea lesionatuta egon delako, eta jokatzeko gutxi geundelako, baina, hala eta guztiz ere, aurrera egitea lortu dugu. Lan ikaragarria egin dugu, eta ea datorren urtean ere halako afizioagaz segitzen dugun. Gero eta babes gehiago daukagula asko igarri dugu, eta horrek sekulako indarra ematen digu, oso polita da. Partidu amaieran, triste egon arren, egindako denboraldia ospatu genuen. Afizioa ere ospatzera etorri zen”.