Bermeok irabazi du Bizkaiko Traineru Txapelketa
Mundakako bisonteek zilarrezko domina lortu dute beteranoen kategorian. Bestalde, Busturialdea hamargarren sailkatu da seniorretan.
Atzo [ekainak 4] Lekeition lehiatu zuten Bizkaiko Traineru Txapelketa, eta gizonezkoetan Bermeo eta emakumezkoetan Kaiku izan dira txapeldunak. Beteranoetan, ostera, Getxo nagusitu da, eta Mundaka geratu da txapeldunorde.
Gizonezkoetan hamar traineruren arteko lehia egon zen, eta TKE ligako sei traineruak sailkatu ziren lehenengo sei postuetan. Bermeok 7 segundo pasatxo atera zizkion Zierbena txapeldunordeari; 20:03,18 denboragaz lortu zuen bandera Bermeoko arraun elkarteak. Isuntzak osatu zuen podiuma, lehenengoarengandik 41 segundo eta 53 ehunenera sailkatuta. Hain zuzen ere, Isuntza eta Itsasoko Amaren artean 21 ehuneneko aldea baino ez zen egon. Hamargarren sailkatu zen Busturialdeak 22 minutu, 26 segundo eta 38 ehunenetan amaitu zuen estropada.
Emakumezkoetan lau talderen artean erabaki zen bandera. 28 segundo eta 8 ehuneneko aldea egon zen txapeldunaren eta txapeldunordearen artean. 11 minutu, 40 segundo eta 89 ehuneneko markagaz lortu zuen garaipena Kaikuk. Deustorentzat izan zen zilarrezko domina, eta brontzezkoa Ondarroak eskuratu zuen. Ondarrutarrak txapeldunengandik 35 segundo eta 94 ehunenera geratu ziren. Ondarroak minutu bat pasatxo atera zizkion Portugalete laugarrenari.
Sei traineru aritu ziren beteranoen bandera irabazteko lehian, eta 46 segundoren barruan sartu ziren seirak. Getxogaz eta Mundakagaz batera, Bilbok osatu zuen podiuma. 11.16,80 denbora egin zuen Getxok; harengandik 5 segundo eta 20 ehunenera sailkatu zen Mundaka, eta 13 segundo eta 87 ehunenera Bilbo.