Izaro Subeko urpekariak itsaspea garbitzen ibili dira goizean
Jakitera eman dutenez, 250 kilo zabor inguru batu dituzte Mundakako Hondartzapeko inguruetatik.
Hondartzen eta Itsas Hondoen Nazioarteko Garbiketagaz bat egin du beste behin ere Bermeoko Izaro Subek. Hala, urpekariak uretara atera dira gaur goizean [ekainak 3], eta Mundakako Hondartzape inguruetatik ibili dira garbiketa lanak egiten.
Izaro Subetik azaldu dutenez, 250 kilo zabor inguru batu dituzte. Mota askotako hondakinak aurkitu dituztela diote: gurpilak, hodiak, oinetakoak, botilak, sareak, etxebizitzetako pertsianak, mahukak… Urpekariek hiru ontzi eta paddle baten laguntza eduki dute zaborra ateratzeko.
Hondakinen bilketaren balorazio “oso positiboa” egin dute: “Eguraldi eguzkitsua dago, eta itsasoa argi ikusten zen, ura ere garbi dago, hortaz, oso ondo ikusten zen itsaspea”. Asko eta asko batu badute ere, hondakin “handi eta pisutsu” batzuk ateratzea “ezinezkoa” izan dutela aipatu dute.