Jon Zabala puntistak tailerra eskainiko du Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian
Belaunaldi berriei zesta-punta gerturatzeko, kirol hori sustatzeko eta zaletasuna sortzeko helburua dauka egitasmoak, eta Jon Zabala Bullet markina-xemeindarrak Julen del Rio puntista gasteiztarra eta Xabier Garate Seleta berriatuar puntista ohia eta El Conquiseko lehiakide ospetsua izango ditu lagun, Jai Alai frontoian.
Gernika-Lumon izango da Zesta Punta Guuk Experience-ren zazpigarren eta azkenengo geldialdia, domeka honetan (ekainak 4).
11:00etatik 13:00etara izango da eskola magistrala, eta, toki-kopurua mugatua denez, parte hartzeko aurretiaz Internet bidez izena eman behar da. 8 urtetik gorakoek parte hartu dezakete. “Familiei eta umeei zuzenduta dago, eta bertaratzen direnek kirol honen bitxikeria guztiak ezagutuko dituzte, koordinazio, tiro eta jauzi jokoak egingo dituzte, eta saskiarekin praktikatzeko aukera ere izango dute”, azaldu dute.
Jon Zabala: “Modu hurbil, dibertigarri eta praktikoan, jarduera askotarikoekin, zesta-punta zer den erakusten ari gara”
2022ko Jai Alai Winter Serieseko irabazlea ilusio handiagaz dabil proiektuan: “Elkarrekin sortu dugu proiektu polit hau, gaur egun zesta-punta bizitzen ari den susperraldiari gure ekarpentxoa egiteko. Odolean daramat kirol hau; beheraldian egon da urteetan, baina, orain, suspertzen ari da berriz. Jendeari erakutsi nahi diot, batez ere haurrei, zer den zesta-punta, zer historia duen, nola jotzen den pilota saskiarekin eta nola entrenatzen garen. Modu hurbil, dibertigarri eta praktikoan, jarduera askotarikoekin, zesta-punta zer den erakusten ari gara”.
Guuk-eko zuzendari nagusi Juanan Goñik esan duenez, gure kulturan hain berezkoa den zesta-punta, berriz ere lehen lerroan jartzea lortu dezaketela uste dute: “Horretarako, ordea, gazteenekin harremanetan jarri behar da, zuzenean transmititu behar zaizkie zesta-puntarekiko grina, kirol horren atzean dagoen historia eta pilotaren abiaduraren edertasuna; hala, harrobia eta zaletasuna sustatuko dira, kirolak aurrera egin dezan bermatzeko. Horixe lortu nahi izan dugu tour honekin”.
Zesta Punta Guuk Experience otsailaren 26an hasi zuten Club Deportivo Bilbao pilotalekuan. Gero, Gasteizen izan zen martxoaren 12an, Donostian martxoaren 26an eta Iruñean apirilaren 23an. Eibarren ostean, Durango bisitatu zuten maiatzaren 21ean: “Gernikarekin tourra bukatzen du. Oso dibertigarria eta interesgarria da txikientzako eta arrakasta dezente izan du tourrak hasieratik”.