Elkarlanaren eragina
Kenyako Mbogolo herrian eskola egiteko lanean ari dira Harriz Herri kolektiboko kideak, gazteen hezkuntzarako eskubidea bermatu guran. Bertan egon dira, "asko" ikasi dute, eta esperientzia «polita» izan da.
Ilusioz egindako lanak, ahaleginak eta esfortzuak sekulako emaitzak eragin ditzake, nonahi zein noiznahi. Hori da Harriz Herri kolektiboko kideek Kenyako Mbogolo herrian bizi izan dutena. Herrixka horretan eskola bat eraikitzeko lanean ari dira kolektiboko kideak, Kenyako Mafanikio Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz elkarlanean; hezkuntzarako eskubidea bermatu gura diete eskolarik gabeko landa gune horretan bizi direnei. Duela hiru urte hasi zuten proiektua, eta denbora tarte luzez urrutitik lanean aritu eta gero, proiektuan bertatik bertara laguntzeko aukera eduki dute Amaia Zabala proiektuaren sortzaileak eta Ainhoa Unzueta kolektiboko kideak.
Apirilean joan ziren eskolarik gabeko eremuan dago herrixkara, bertako biztanleen eskolagabetze tasa oso handia den gunera, eta Unzuetak dio “sekulako esperientzia” izan zela. Ez zuen ezusteko handirik hartu aurkitu zuen probeziagaz edo lehengaien faltagaz, joan aurretik dokumentazio lana egin zutelako, baina hezkuntza proiektuak herritarrengan daukan eraginak harritu eta hunkitu egin zuen. “Eskola proiektu bat garatzen aritu gara, eta uste nuen hezkuntzagaz zerikusia duen garapenean bakarrik nabarituko zirela emaitzak, baina ezusteko handia eroan nuen proiektuak jendearen egunerokotasunean duen eragina ikustean”, azaldu du.
ARGAZKI GALERIA (HARRIZ HERRI KOLEKTIBOA)
Izan ere, eskolak onuraz betetzen duela eskualde osoa diote: ikasleek ikasteko gune bat dute, elkartzeko leku bat sortu dute, eta nekazariak zentrora joaten dira lurra zelan landu ikastera. “Antza denez, bertako lurra nahikoa emankorra da. Siketa handiak egoten dira, eurite handiak ere bai, baina lurra oso emankorra da, eta hori zelan landu ikastera joaten dira nekazariak eskolara; bertan, lurrari etekinik onena ateratzeko teknikak eta metodoak irakasten dizkiete”. Eta, eskolako zuzendariak kolektiboko kideei esandakoaren arabera, “asko nabaritzen” dira eraginak, herritarrak lurretik sortutakoak ekoizten eta saltzen hasi direlako. “Eskolaren inguruan merkataritza ez da garatu, sortu egin da. Orain arte ez zegoen horretarako eremu bat, eta orain badago”. Zabalak gogoratu du duela urtebete eta erdi egon zela herrian, eta inguru horretan ez zegoela ezer; apirilean, joan zirenean, berriz, denda bat eta taberna bat ikusi zitezkeen. “Jendea ekonomikoki zelan hobetu den ikusi dugu. Lokatzez egindako etxeetan bizi ziren lehen, eta adreiluzko etxe batzuk ikusi ditugu”.
Eskola eraikita, 250 ikasle eskolaratzea da Harriz Herri kolektiboaren asmoa
Pauso txikiak emanda zelan aldatzen den errealitatea ikusi dute Zabalak eta Unzuetak, eta herrixkak garapenerako aukera ezberdinak eskaintzen dituen lekua edukitzea “garrantzitsua” dela uste dute, “herritarrak batzen dituelako eta euren arteko sareak sortzen dituelako”. Hain zuzen ere, herriarentzako espazio bat da sortzen ari direna, komunitate modura hazteko eta hezteko lekua, baita batzekoa ere. Neskato gazte batek esan ziona gogoratu du Zabalak: “Esan zidan oso garrantzitsua zela kanpoko jendea herrira joatea, eurengandik asko ikasten dutelako eta garapenerako tresnak jasotzen dituztelako. Ikusten dute ez dela behartutako etorkizunik izan behar, ikusten dute ikasten jarrai dezaketela, bidaiatu egin dezaketela”. Eskolak ikasle musulmanak zein kristauak batzen ditu, eta horrelako lurraldeetan, “elkarbizitza hori erdugarria” dela diote. “Deigarria iruditu zitzaidan munduko beste herrialde batzuetan gatazkarako arrazoia dena elkarbizitzaren isla izatea Mbogolon. Eredugarria da, gizarte hobekuntza komunitarioaren aldekoa”.
Eskola eraikitzen jarraitzen dute oraindik, pausoz pauso, lan asko dagoelako egiteko. Hango herritarren proiektua babestu besterik ez dute egin nahi, eurek esandakoari jarraituz diseinatu dutelako proiektua, dituzten beharrizanetan oinarrituta. Hala, eraikuntza lan horretan aritu dira buru-belarri, eskolako laugarren gela egiten eta sukaldea eta jantokia atontzen. “Hara joanda, bizi duten errealitatea zein den ikusi dugu, eta konturatu gara garrantzitsuena dela ikasleentzako laugarren gela amaitzea eta bosgarrena egitea”. Izan ere, hori eginda, haur gehiagok izango dute eskolara joateko aukera, baita eskola ordu gehiago jasotzekoa ere. Gaur gaurkoz, 138 haurrek erabiltzen dute instalazioa, baina gelak amaitzerakoan –sei egitea aurreikusi dute–, Lehen Hezkuntzako 250 ikasle eskolaratzea da euren asmoa.
Janaria prestatzeko lekua egokitzeak ere lehentasuna du, “oso konplexua” baita 138 ikasleri lurrean egindako su batetik jaten ematea. Ezkaratzerako, kolektibokoek sukalde industriala lortu zuten, baina hori martxan jartzeko energia behar zuten. Panel fotovoltaikoak lortzea zuten helburu otsailean, eta jaso dituzte. Maiatz hasieran, Kenyarako bidean zeuden, edukiontzi batean, eskolarako materialez inguratuta; kolektiboko kideek elkartasun bilketan batutako bidali dute edukiontzi batean.
Herritarrei zuzendutako eraikin txiki bat egitea ere aurreikusi dute
Euriteak eta sikateek eragin nabarmena dute herrixkan. Eskolako eraikina, adibidez, urez betetzen da. “Drainatzea gaizki eginda zegoen, eta oso polita izan zen han egotea eta teknikoki arazo hori konpontzen laguntzeko ideiak ematea. Langileen, elkartearen eta gure arteko harremana oso sanoa izan da. Asko ikasi dugu eurekin lan egiten”.
ARGAZKI GALERIA (HARRIZ HERRI KOLEKTIBOA)
Aurrera begira
Etorkizunera begirako proiektuen artean, euria biltzeko ureztatze sistemak sortzea azpimarratu dute. Eskola bere kabuz kudeatu ahal izateko, umeei ura eskaini ahal izateko eta baratze proiektuak aurrera jarraitzeko; izan ere, arazorik handiena ur falta da: “Ura ez da haraino ailegatzen eta proiektuak ibai urak biltzea aurreikusten du, baratzean ureztatze sistema bat ezartzeko, baita bainuetarako ere, une honetan lehorrak baitira”.
Gustatuko litzaieke, gainera, edateko uraren beste tanga bat jartzea, haurrek bertatik edan eta janaria prestatu ahal izan dezaten. “Gaur-gaurkoz, bat dago, baina kilometro batera”.
Eraikinak duen plaza komunitarioan espazio estali bat egin gura dute, gainera, antzerki gune baten moduko bat, jarduera ezberdinak egin ditzaten. “Eta eraikin txikiago bat ere egin nahi dugu, eskolaren zati bat, liburutegiaren zatia eta kontsultategi mediko bat izango lituzkeena. Herritarrentzako pentsatutako espazioa izango litzateke hori”, gehitu du Unzuetak.
Proiektu horiek egiteko aurrekontua behar dute, eta hori lortzeko ekitaldiak antolatzen jarraituko dute; uztailaren 1erako, esaterako, jaialdia antolatu dute Astika Herrian. “Ilusioz beteta” bueltatu dira, eta ikasi dute ilusioagaz eta pertseberantziagaz gauzak lortu daitezkeela, baita ere lortzen diren gauzak positiboak izan ohi direla eta eragin eta “inpaktu erreala eta nabarmena” sortzen dutela.
Ziurtatu dute Harriz Herri kolektiboak etorkizunean bestelako proiektuak bultzatzeko asmoa duela: “Orain Kenyan gaude, baina kolektiboa ez da bakarrik proiektu hau bultzatzeko sortu. Espazio komunitarioak sortzeko helburuak dituzten proiektuak bultzatuko ditugu. Filosofia beragaz, baina proiektu desberdinetan lan egitea gustatuko litzaiguke”.