"Bigarren albuma modu guztiz naturalean jaio dela uste dut"
Feline musika taldeak bere ibilbideko bigarren albuma kaleratu du: ‘Jan Zu’. Taldeko kide Ruben Garatea Apoitak lan berriaren nondik norakoak eta aurreikuspenak azaldu ditu.
Talde legez ibilbide luzeegia ez duten arren, Feline osatzen duten kideek «bizitza osoa» daramate musikaren munduan. Hainbat dira edukitako eta dituzten proiektuak; horren erakusle dira Audience, Labana, Revertt, Primeros Auxilioss, Puro Odio, Zuloak, Seda, Santa Cruz nahiz Casus Belli. Edozelan ere, ez dira dezibelez nekatu, eta Felinek ibilbideko bigarren albuma plazaratu du, lehen lan homonimoaren ondoren: Jan Zu. Iñaki Iruskieta Gerrikabeitia Baini zornotzarrak, Eneko Bergara Latorre bermeotarrak eta Ainhoa Unzueta Baeza nahiz Ruben Garatea Apoita gernika-lumotarrek osatzen dute taldea. Azken horrek argitu ditu azken lanaren nondik norakoak.
Epe ertainean album bi plazaratuta, Feline osasuntsu dagoela esan daiteke, ezta?
Momentu politean gaude. Bigarren albuma modu guztiz naturalean jaio dela uste dut. Izan ere, lehenengoaren biran, ordu erdi inguruko kontzertuak eman genitzakeen diskoko abestiekin; beraz, ordurako eginda geneuzkan abesti berriak zuzenean jotzen hasi ginen. Ondorioz, abestiok grabatzeko asmoz estudiora sartu ginenean, jadanik oso dominatuta genituen.
Capsulako Martin Guevaragaz errepikatu duzue grabaketa.
Bai. Lehen lanaren grabazioan oso ondo pasatu genuen, eta gerora, gainera, Felinek eta Capsulak elkarregaz jotzeko aukera ere eduki dute. Martinek bikain ulertzen gaitu eta, gainera, musika alorrean duen jakintza benetan izugarria da. Hiruzpalau egunetan grabatu dugu dena.
Post-punk kutsua nabari zaizue musikan, baina oso «zuonak» diren ñabardurekin.
Saiatzen gara. 80ko hamarkadako korronteetatik asko edaten dugu. Lan berrian, baina, soinu elektronikoagoak lortu ditugu.
Taldearen izenak The Stranglersen zaleak zaretela bistaratzen du, baina zein beste talde eduki duzue disko honetan erreferentzia legez?
Asko dira, guztiak zerrendatzeko. Adibidez, kide denoi pila bat gustatzen zaizkigu Lou Reed eta The Velvet Underground, Sonic Youth, David Bowie, Blondie, Paralisis Permanente, Talking Heads, Iggy Pop edota Nico.
Sorkuntza prozesuari dagokionez, zelan funtzionatu duzue album honetan?
Baini arduratzen da hasieran musika sortzeaz; bere ideiak ordenagailuan pilatzen ditu eta, jarraian, lokalerako bidea hartzen dute. Bertan, denon artean ematen diogu itxura abestiei.
I hate you izan zen Feline albumeko aurrerapen abestia; bigarrenean, Norbait hil da hemen kaleratu duzue.
Hori da. Konfinamendu sasoian sortutako abestia da, ezinegona transmititzen duena. Norbere etxean pertsona batek bere buruaz beste egiten duela kontatzen du; behintzat, irudimenezko istorio horretatik abiatzen da. Heriotza horrek sortzen duen kaos mentala erakusten du.
Zuzenekoetan aspalditik jo izan duzuen arren, lan berrian sartu duzue Ez dago anfetarik abestia. Diskoan sartu orduko, baina, kanta hark jada bazuen bideoklipa ere.
Halaxe da, bai. Taldearen zaleei asko gustatzen zaie abesti hori, eta, beraz, haren bideokliparen grabaketara zaleak eta lagunak gonbidatu genituen. Sesio hori gure taldekide Ainhoaren Errigoitiko baserrian egin genuen, zuzeneko soinuagaz. Egia esan, oso asebeteta geratu ginen emaitzagaz, baina, batez ere, bizipenagaz beragaz. Izan ere, egun osoan jai giroan ibili ginen, lagunen artean; esperientzia hura irribarre batez gordetzen dut. Horrez gain, diskoan sartu dugu abesti hori, baina zenbait aldaera ditu, bideoklipagaz konparatuz gero. Nolanahi ere, kantuak bere esentzia mantentzen duela esango nuke.
Lehen lanaren kaleratze sasoian, taula gainera jauzia egiteko irrika edo ia-ia antsietatea nabari zitzaizuen, pandemia sasoia baitzen. Bigarrenaren kaleratzeak lasaiago harrapatu zaituzte ala oraindik oholtza bi begien artean sartuta duzue?
Bestelako egoerak dira, baina, bai, zuzenekoen zain gaude oraindik. Albuma etxean, Iparragirre Rock Elkartean aurkeztuko dugu, eta aurkezpen data horrek egundoko ilusioa pizten digu. Ekainaren 9an izango da, Jibaros taldeagaz batera. Ostean, errepidera joko dugu: Iruñea, Berriz… baditugu datak lotuta.
Eta zer topatuko dute felinezaleek bigarren diskoaren aurkezpen kontzertuetan?
Batetik, geure esentzia eta nortasuna mantentzen ahaleginduko gara. Bestetik, esan behar dut hainbat aldaketa egingo ditugula geure zuzenekoetan: abesti zerrenda berria josten ari gara, bertsionatzeko kanta berriak ditugu buruan, musika tresna berriak ere erabiltzen gabiltza… Taldearen identitateari eutsiz, gauza berriak eta, zelan edo halan, garapen bat erakusten ahaleginduko gara.
Azalari dagokionez, argazkiaren eta marrazki artistikoaren erdibidean dagoen zerbait dirudi. Zer ikusi daiteke bertan?
Argazki kutsua eduki zezala gura genuen, bai. Gabriel Mendizabal eta Martin Elgezabal lagunek sortu dute azala, eta oso pozarren geratu gara emaitzagaz. Azalean tentsioa eta dena jateko gogoa islatu nahi genituen, eta esango nuke hori sobera lortu dutela. Argazkian, taldekideok Gernika-Lumoko Hang Zhou jatetxean ageri gara, mahaigainekoan. Albumaren izenak aipatutako tentsio horregaz eta jatetxearen izenagaz jolas moduko bat egiten du.
Valentina Ridolfigaz hasi zarete beharrean; zertan kolaboratzen du?
Aspaldiko adiskidea eta Iparragirreko elkartekidea da. Bere egitekoa taldearen alderdi burokratikora bideratuta dago: kontzertuak lotzea, dokumentazioa kudeatzea, mezu elektronikoak jasotzea eta bidaltzea, komunikazio kontuak… Laguna izateaz gain, behar oso esanguratsua egiten du taldearen eta taldeko partaide denen mesedetan, eta benetan eskertuta gaude; gutariko bat da.