Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioek azoka solidarioa antolatu dute
Gaurtik domekara bitartean Bekoportalen kokatuta egongo da azoka; garestiena 10 eurotan salgai egongo dela zehaztu dute.
“Oso Pozik” daude Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioak Bermeon azoka solidarioa egiteko aukera eman diotelako. Corte Inglesek utzitako gauza asko izango dituzte salgai Bekoportalen jarriko duten azokan. Gaur [ekainak 2], 18:00etatik 20:00etara egongo dira, bihar 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta domekan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.
Diotenez, Bilboko egoitzatik jaso zuten proposamena: “Bermeoko boluntariook edozertarako prest gaude beti, gustura egiten ditugu gauzak, eta begi onez hartu genuen proposamena”. Bermeoko Udaleko Kultura Sailera proposamena eroanda, “arazorik jarri ez” eta minbiziaren aurka dirua batzeko azoka solidarioa jarriko dute asteburuan. Iaz, Bilbon egin zuten mota horretako azoka solidarioa.
Corte Inglesek emandako produktuak direla zehaztu dute antolatzaileek, “gauza asko eta asko daude”. “Gutxiengo akats” bat izateagatik eurek saldu ezin dituzten jostailuak, bitxiak, fularrak… egongo dira aukeran, eta garestiena 10 euro izango dela zehaztu dute.
Herritarrak animatzen dituzte bertaratzera, “gauza politak” daudelako.