Paduren aldaketak, liburu batean bilduta
'Itzak, Urdaibaiko kultura paisaia' liburua aurkeztu dute. Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi eta Gautegiz Arteagako udaletxeetan egongo da salgai Aranzadi zientzia elkarteak egindako liburua.
Urdaibaiko padurak atzean dituztela, Gautegiz Arteagan aurkeztu dute gaur eguerdian Itzak, Urdaibaiko kultura paisaia liburua. Aranzadi zientzia elkarteak egin du liburua, Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi eta Gautegiz Arteagako udalekin batera, eta egindako lanagaz “pozik” agertu dira udaletako jarduneko alkate zein zinegotziak.
Liburuan Urdaibaiko paisaiaren azterketa aurkezten dute, “gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanen emaitza gisa, historia osoan gertatu diren aldaketak kontuan hartuta”. Bilakaera horren barruan, bereziki padurak aztertu dituzte, “garrantzi handia baitute Urdaibain”.
Liburuak gaur eguneko paisaia hobeto ulertzen ez ezik, arbasoek egin zuten lana ezagutzen ere laguntzen duela diote.
Gogorarazi dutenez, padura horiek herri lurren parte izan dira Erdi Aroaz geroztik, eta bertan hainbat baliabide ustiatu dira, hala nola, abere-larreak edo ihiak biltzea. “Gerora, baina, XVII. eta XIX. mendeen artean egoera aldatu egin zen, eta pribatizazioagaz batera, eskala handiko drainatze proiektuak egin ziren, nekazaritza erabilerarako munaz edo dikenez itxitako eremuak (polderrak) osatuz. Bizimodu hura desagertuz joan da”, azaldu du Josu Narbarte liburuaren egileetako batek. Gaur egun, “oso gutxi” dira Urdaibain lehen sektorean lan egiten duten herritarrak eta, horrek, dioenez, eragina eduki du paisaiaren alderdian. “Baserriak utzi dira eta, horren ordez, hezeguneetako jatorrizko ekosistemak leheneratu dira, bereziki Biosfera Erreserba eta Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua izendatu ondoren”.
Liburuak gaur egungo paisaia hobeto ulertzen ez ezik, arbasoek egin zuten lana ezagutzen ere laguntzen duela diote. Hain zuzen ere, historia hori berreraikitzea izan zen proiektu horren helburua. Aranzadiko ikertzaileek prozesu hori guztia aztertu dute, “artxiboetako dokumentuak gaur egun paisaian ikus daitezkeen elementu materialekin konbinatuz”. Lana Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi eta Gautegiz Arteagako udalek sinatutako hitzarmen bati esker egin dute. Hitzarmen horrek Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz hasitako ikerketa ildoari jarraitzen dio.
Bost udalek erakutsi duten “interesa eta prestutasuna” eskertu du Narbartek. Esan duenez, liburuak “kezka” batean du oinarria: “Azken hamarkadetan gizartea oso azkar eraldatzen ari dela konturatu gara, eta paisaia ere eraldatzen ari dela. Paisaia horretan badaude iraganeko gizarteen eta bizimoduen aztarna batzuk. Eta horiek guztiek memorian jasota geratzea merezi dute”.
Bost udal artxiboak kontsultatzeko aukera eduki dutela nabarmendu du Narbartek, eta aukera hori balioan jarri gura izan du.
Lana bi atal nagusitan antolatu dute; batetik, Urdaibaiko paisaiaren bilakaera orokorra trazatu gura izan dute, eta, bestetik, bost udalerrietako bakoitzean padurek gaur egun daukaten egoera aztertu dute.
Bost udal artxiboak kontsultatzeko aukera eduki dutela nabarmendu du Narbartek, eta aukera hori balioan jarri gura izan du: “1949an egindako katastroak aztertu ahal izan ditugu. Horrek aukera eman digu padura hauetan lan egin duten azken pertsonen izenak biltzeko. Interesgarria da beraien izenak eta beraien memoria liburu honetan jasota geratzea”.
San Lorenzo baseliza aukeratu dute liburuaren aurkezpena egiteko. Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako jarduneko alkatearen hitzetan, “paduren bihotzean”. Josu Narbartek eta Eneko Iriartek egindako lana eskertu du, “betirako idatzita geratuko delako”. Aipatu du bost herrietako elkarlanari esker egin ahal izan dela lana, eta batzea “merezi” izan duela.
Liburua eskuratu gura dutenek, horretarako aukera edukiko dute bost udalerrietako udaletxeetan, 8 eurotan. Liburuan idatzitakoa jendeartean zabaldu asmoz, udalerri bakoitzean ibilbide gidatuak egingo dituztela iragarri dute. Ekainaren 10ean Kortezubin eta Busturian egingo dituzte, eta hilaren 24an, berriz, Muruetan eta Foruan. Europako Ondarearen Jardunaldien baitan, Gautegiz Arteagan iaz egin zuten proba pilotu bat, eta erantzuna “positiboa” izan zen. Horregatik pentsatu dute ibilbideak egitea gainontzeko herrietan ere positiboa izan daitekeela.