Argi Baltza bertsolari txapelketak gazteei plaza bat eskaintzea bilatuko du hirugarrenez
Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketak. Domekan [ekainak 4] Gautegiz Arteagan hasiko dute lehia, eta ekainaren 25ean Muxikan amaituko dute.
Hirugarren urtez jarraian, Argi Baltza Bertsolari Txapelketa antolatu du Lilibertsok. Jon Lopategiren omenez abiatu zuten lehiaketak bertsolari gazteei plaza bat eskaintzea eta bertsolaritzaren presentzia eskualdeko herrietara zabaltzea ditu helburu, eta lan horretan jarraituko dute aurten ere.
Horrela, Busturialdeko lau udalerritan lehiatuko den txapelketa antolatu dute: Gautegiz Arteagan, Mendatan eta Ajangizen lehiatuko dira finalaurrekoak, eta Muxikan, berriz, finala (ekainaren 25ean). Bertso saio guztiak domekaz jokatuko dira, 18:00etan, eta horietara joatea doakoa da. Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, eta saio bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera. Beste hirurak puntuazioaren arabera erabakiko dira, seiko finala osatuz.
Domekan hasiko dira kanporaketak, Gautegiz Arteagako Aretxederreta kultur etxean, eta ondoko bertsolariak ariko dira: Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra, Enare Muniategi gautegiz arteagarra, Aissa Intxausti lekeitiarra, Irati Alcantarilla, Oihana Arana eta Ander Sarriugarte.
Gazteen saretzea. Lopategik eskualdean bertsolari gazteak plazaratzeko egindako lana balioan jartzeko eta horri jarraipena emateko antolatu dute sariketa Lilibertsokoek. Muxikako bertsolariak bertsolaritzaren transmisioan egindako lana indartu gura du eskualdeko bertsozaleen taldeak. Eta, horregatik, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako sariketa da antolatu dutena.
“Lehenatsuna eman diegu eskualdeko bertsolariei, saioak autogestionatzeko filosofia daukagulako, eta bertako gazteei aukera berriak eskaintzea delako gure asmoa. Gero, Bizkaiko bertsolariengana zabaldu dugu sariketa, eta ostean, Euskal Herrikoengana”, adierazi du Koldo Gezuraga Lilibertsoko kideak. Gogoratu du lehenengo edizioa “berezia” izan zela, bertsolari guztiak bizkaitarrak zirelako; hala ere, txapelketa ez dela lurralde mailara mugatzen azaldu du, Euskal Herriko bertsolari gazteak direla protagonistak esanez. “Irizpide horiekin jarraitu gura dugu”.
Hainbat bertsolarik sariketa baliatzen dute Bizkaiko Txapelketa prestatzeko
Aurten, izen berriak ikus daitezke sariketen zerrendan, eta horien artean daude eskualdetakoak: aipatutako hirurez gain, Koldo Muñiz, Gezuraga, Ibai Amillategi eta Lurdes Ondaro ariko dira bertsotan.
Guzti horiek ohiko txapelketetan egin behar izaten dituzten ariketak egingo dituzte oraingoan ere: bina ofizio, puntu erantzun bi eta ganbarakoa. “Kasualitatez, udazkenean Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute Argi Baltza bertso sariketan parte hartuko duten batzuek, eta txapelketa honek lurralde mailako hori prestatzeko balioko du, baita motibatzeko ere”.
Oraingoan ere Argi Baltza txapelketan bertsolaritzaren kate osoko pertsonek parte hartuko dute: bertsolariak, gai jartzaileak eta epaileak. Lilibertsok antolatzen dituen saio gehienetan taldekideek osatzen dute gai jartzaile taldea, eta eurek erabakitzen dituzte gaiak. Oraingoan ere, taldeko kide diren gai jartzaile eta epaileak ariko dira sariketan.
Txapela. Iaz, Muxikako finalean Onintza Enbeita arduratu zen Ane Zuazubiskar txapeldunari txapela jartzeaz, eta aurtengo txapel emailea ekainaren 25a heldu ahala iragarriko dutela jakinarazi dute, baina aurreratu dute “betiko oinarriak” jarraituko dituztela arduradun hori erabakitzeko: “Eskualde mailan bertsoagaz lotuta dagoen eta eredua izan daitekeen pertsona bati ematen diogu aukera hori. Lehenengo urtean Txiplas izan zen, hurrengoan Onintza. Uste dugu oso garrantzitsua dela arlo hori zaintzea, belaunaldiz belaunaldiko transmisio hori bermatzea, eta erreferentziazkoak diren pertsona horien lana azpimarratzea”.
SAIOAK:
- Domekan, Gautegiz Arteaga (Aretxederreta kultur etxea): Aitor Etxebarriazarraga, Enare Muniategi, Aissa Intxausti, Irati Alcantarilla, Oihana Arana eta Ander Sarriugarte.
- Ekainak 11, Mendatan (Idatze Etxea): Koldo Muñiz, Koldo Gezuraga, Ane Zuazubiskar, Naroa Torralba, Iker Garitagoitia eta Maddi Sarasua.
- Ekainak 18, Ajangiz (Udal frontoian): Ibai Amillategi, Lurdes Ondaro, Josu Sanjurjo, Maialen Akizu, Kerman Diaz eta Maddi Agirre.
- Ekainak 25, Muxika (Urretxindorra herri eskola).